EHGKO BIRKARGA APP-A ETA WEBGUNEA
‘Recarga TUC’ aplikazioak (Android eta IOS) eta izen bereko webguneak Eskualdeko Hiri Garraioko (EHG) txartelak online kargatzeko eta kontsultatzeko aukera ematen dute, edozein unetan eta eskudirurik eduki behar izan gabe.
Lotura app-a Androiden deskargatzeko (Google Play)
Sistema horien bidez, erabiltzaileek EHGko txartelen egoera kontsultatu ahal dute (diru-zorroko saldoak, kargatuta dauden aldi baterako abonuak, txartelaren iraungipena eta abar), egindako birkargen erregistroa eduki, euskarri teknikoari kontsultak egin, jakinarazpen pertsonalizatuak jaso eta ohiko txarteletan birkarga automatikoak programatu.
App-aren aurreko bertsioa (Android) instalatuta duten pertsonek arazoren bat edukitzen badute EHGko txartelak irakurtzean, gomendatzen da aurreko aplikazioa desinstalatzea bertsio berria instalatu aurretik.
App mugikorra Androiden eta IOSen
‘Recarga TUC’ aplikazioa dohainik deskargatu ahal da Google Play (Android) aplikazioen dendatik eta App Store de Apple (IOS) dendatik.
Aplikazioak hasierako orri edo pantaila nagusi bat du, eta bertan aukera nagusiak aurkezten dira: txartela kontsultatzea eta eguneratzea, kontuari lotuta dauden garraio-txartelak ikustea, kargatzea, birkarga deuseztatzea eta gorabeheren berri ematea.
Garraio-txartela app-ari lotzea EHGko txartelean, atzealdean, inprimatuta dagoen IDE zenbakia eskuz idatzita egin daiteke, telefonoaren kamerarekin txartelaren irakurketa eginda zenbaki hori identifikatzeko edo, txartelak QR kodea badauka, kode hori irakurrita.
-Kontsulta eta eguneratzea. Behin garraio-txartela lotu denean, pantailan erabiltzailearen datuen informazioa erakutsiko da, txartelaren saldoa, iraungipen-data, zer motatako titulua den eta datu historikoak (egin diren azken hiru birkargak).
-Nire txartelak. Sortutako kontu bakoitzari txartel bat edo gehiago lotu ahal izango zaizkio. Horretarako, aukera ematen da txartelak aplikazioan nahi den izenarekin gordetzeko, hartara, errazago identifikatzeko eta, hala, haietako bakoitzaren datu eta kontsultetara errazago sartzeko.
-Birkarga. Bi aukera eskaintzen dira: diru-zorroa kargatzea eta aldi baterako abonua berritzea edo erostea. Gordetako txartelen zerrenda agertuko da eta nahikoa izango da kargatu nahi dena hautatzea. Zuzenean kargatu ere egin ahal izango da, aurretik erregistratuta dagoen txartelik ez badago. Behin pauso hori egiaztatuta, app-ak ordainketa-pasabidera birbideratzen du, eta bertan bankuko datuak idatzi beharko dira, txartela kargatzen amaitzeko.
-Birkargak deuseztatzea. Birkarga deuseztatzea prozesu erraza da gerta daitezkeen arazoak konpontzeko, adibidez, bukatu gabe dauden eragiketekin edo hutsegitez egin diren transakzioekin.
-Gorabeherak. Gorabeherak bidali edo kontsultatu ahal izango dira, eta euskarria emateko taldearekin kontaktuan jartzeko aukera ematen da, gainera.
Online kargatzea edo berehalako birkarga
Telefono-motaren arabera, txartela kargatzeko bi aukera ematen ditu aplikazioak:
-online birkarga, Android eta IOS mugikor-mota guztietarako erabilgarri dagoena. Ez da beharrezkoa txartel fisikoa edukitzea birkarga egiteko. Diru-zorroa eta aldi baterako abonuak kargatu ahal dira (azken horiek, txartel pertsonalizatuetarako, eta baldin eta aurreneko birkarga gune fisiko batean egiten bada). Androideko birkargak unean bertan gauzatuko dira, txartela telefono mugikorrera gerturatzen bada. Erabiltzaileak ez badu txartela eskura, edo IOS sistema duten telefonoen kasuan, birkargak gutxi gorabehera kargatu eta handik ordu batera geldituko dira erregistratuta, eta txartela eguneratuko da Eskualdeko Hiri Garraioko edozein autobusetan erabiltzen denean.
-berehalako birkarga (NFC), soil-soilik telefono bateragarrietarako dago erabilgarri (Android NFCrekin eta bateragarriak NXPrekin). Birkargaren zenbatekoa unean bertan gauzatuko da, txartela mugikorraren atzealdera gerturatuta. Horrenbestez, txartel fisikoa eduki beharko da une horretan.
Birkarga automatikoak programatzea
Autobirkargaren funtzionaltasunak ahalbidetzen du aplikazioa programatzea, aurretik finkatutako balio bat baino txikiagoa denean saldoa, txartel baten gaineko birkarga-ekintza bat abiarazteko automatikoki. Erabiltzaileak konfiguratu ahal izango ditu bai gutxieneko saldo hori eta bai birkargaren zenbatekoa ere.
Birkarga www.recargaTUC.es webgunearen bidez
Behin www.recargaTUC.es webgunean sartzen denean, birkarga bi modutara egin daiteke: modu anonimo edo izengabean, helbide elektroniko bat idatzita txartel baten diru-zorroa kargatzeko; edo webgunean saioa hasita (aurretik erregistratu egin behar da). Azken modu horrek ahalbidetzen du diru-zorroa eta aldi baterako abonuak kargatzea, autobirkargaren funtzionaltasuna erabiltzea eta mugimenduak kontsultatzea.
‘Recarga TUC’ mugikorrerako app-an gertatzen den moduan, webgunearen kasuan, kargatu eta handik ordu batera gutxi gorabehera gauzatuko dira birkargak txarteletan. Horretarako, nahikoa izango da txartela Eskualdeko Hiri Garraioko edozein autobusetan erabiltzea.
‘Recarga TUC’ app-rako erabilitako kontua eta webgune honetarakoa berbera izango da. Hori dela-eta, aplikazioan sortutako kontua edukiz gero, webgunean erabili ahal izango da, eta, webgunean kontu berri bat sortzen bada, aplikazioan ere funtzionatuko du.
EHGrako aktibatutako hondakin-txartelak kargatzea
Jakina denez, hondakin-txartela Eskualdeko Hiri Garraioko (EHG) txartel izengabe moduan erabil daiteke. Horretarako, txartelak aktibatuta egon behar du garraio-zerbitzurako. Arreta ematen den birkarga-sareko establezimendu batean diru-zorroa lehenbiziko aldiz kargatuta egiten da hori. Gero, gainerako birkargak aplikazioaren eta webgunearen bidez egin ahal izango dira.
Zalantza edukiz gero, ‘Recarga TUC’ aplikazioaren eta webgunearen erabilera-eskuliburuak kontsultatu ahal dira. Zehazki, biak ala biak Mankomunitatearen www.mcp.es webgunearen atal honetan daude eskuragarri.
Mugikorraren bidez kargatzea 2022an
‘Recarga TUC’ mugikorrerako aplikazioarekin 2022an egin ziren birkarga guztiak 319.827 izan ziren (284.648 birkarga diru-zorroa kargatzeko eta 35.179 birkarga 30 eguneko abonuak kargatzeko). Hartara, 2022an mugikorraren bidez kargatutako zenbateko osoa 3.418.863,50 euro izan zen (BEZa barne): 2.631.070,00 euro diru-zorroetan eta 787.793,50 euro 30 eguneko abonuetan.
‘Recarga TUC’ aplikazioaren erabilera % 53,31 handitu zen 2022an, aurreko urtearen aldean, eta horrek adierazten du, horrenbestez, zerbitzu horren erabileran goranzko joera dagoela, zeinaren inflexio-puntua pandemia izan zen, pandemiak eragin baitzuen gailu mugikorrak erabiltzea garraio-txartelak kargatzeko bitarteko moduan (2021ean, % 74,52 handitu zen erabilera, aurreko urtearen aldean). Hain zuzen ere, 2020an, kargatutako zenbateko guztien % 12,71 mugikorraren bidez egiten ziren, 2021ean ehuneko hori % 18,17ra iritsi zen eta 2022an, % 22,86ra.