21/12/2016

ESPERIENTZIA PILOTUA: BIOGASA ERABILIKO DA BILLABESA BATEAN

TCC enpresari utzitako autobus bat erabiliko da, zeinak Iruñerriko Mankomunitatearen Aratzuriko plantan egindako biogasa erabiliko baitu hiri-garraioaren zerbitzuan.

Proiektu pilotu hori klima-aldaketaren aurkako borrokaren testuinguruan kokatzen da, eta, zehatz-mehatz, isurtzeak murrizteko ekintzen barnean, Iruñerriko Mankomunitateak 2014an abiarazi baitzituen.

Horren bidez, erregai dieselaren alternatibak aurkitu nahi dira, hura entitatearen isurtze-iturri nagusietako bat baita; izan ere, ibilgailu astun asko erabiltzen dira zerbitzu guztiak eman ahal izateko.

BIOBUS

Gaur goizean aurkeztu da Ur-hondakinen Aratzuriko Araztegian biogasa arazteko proiektu pilotua, Iruñerriko Mankomunitatearen flotako hiru ibilgailutan erabiltzeari begira: hiri-autobus batean eta hondakinen bi kamioitan. Era berean, banaketa-sarean txertatzeko potentziala ere aztertuko da.

Mankomunitateak, Hera taldeak eta Gas natural Fenosa enpresak batera bultzatu dute proiektua, eta honako enpresa hauek lagundu dute: Nafarroako Gobernuaren mendekoa den NILSA enpresa publikoa, SODENA sozietate publikoa eta TCC eta FCC enpresak, hurrenez hurren, garraio publikoaz eta hondakinen bilketaz arduratzen direnak.

BIOBUS II

Planta esperimentalak sei hilabetez ekoitziko du biogasa. Bi hilabetez, biogasaz hornituko zaie hiru ibilgailuri: inausketako hondakinak biltzen dituzten bi kamioiri –FCCrenak dira eta biogasa erabiltzeko behar den teknologia dute–, eta Mercedes ekoizleak hiri-garraioaren kontzesioduna den TCC enpresari utzitako autobus bati, zeinak bidaiarientzako zerbitzua emanen baitu eskualdeko sarearen zenbait lineatan.

Proiektu hori alor honetan Espainian egiten den lehenbizikoetako bat da, eta Gas Natural Fenosak bultzatzen du gas berriztagarrien –biometanoa da horietako bat– merkatua garatzeari begira.

Esperientzia pilotua bukatuta, zenbait faktore analizatuko dira, hala nola lortutako biogasaren kalitatea, ibilgailuen kontsumoa eta ekoizpen-gaitasuna. Lortutako informazioa aztertuta, erabakiren bat hartu ahal izanen da erregai jasangarri hori heldu diren urteetan Iruñerriko Mankomunitatearen flotaren zati handi batera zabaltzeari buruz, eta ea bideragarria izan ote daitekeen gas naturalaren sarean sartzea. Hori guztia helburu zehatz bat izanik: Mankomunitatea neutroa izatea Karbonoan 2030. urtean, entitatearen plan estrategikoak berriki onetsitakoarekin bat.