IRUÑEKO TCC-KO TEAMING EKIMENAK 1.500 EURO BIDERATU DITU EUNATE ELKARTEARI LAGUNTZEKO
Langileek egindako bigarren dohaintza da; horien bitartez, 1 €-ko mikro-dohaintza bat ematen dute beren nominetatik.
Enpresak, bere aldetik, beste euro bat ematen du ekimenean parte hartzen duen langile bakoitzeko.
Eunate Elkarteak, zeina adimen-urritasunen bat duten Nafarroako familiei laguntzen baitie, eskuratu ditu oraingoan Iruñeko TCC enpresak –Iruñerriko Mankomunitatearen Eskualdeko Hiri Garraioaren kontzesioduna da– Teaming bitartez bildutako 1.500 euroak. Gutxi gorabehera, 220 langilek hartzen dute parte kausa horretan; beraz, enpresaren plantillaren erdia da bere nominatik euro bat eskaintzen duena mikro-dohaintzen bitartez.
Iruñeko TCC-ko bigarren Teaming-ekimena da, joan den otsailean bildutako lehen 1.500 euroak eman baitzitzaizkion Síndrome de Dravet fundazioari.
Txekea emateko ekitaldi sinbolikoa egin da gaur Iruñean, eta, hartan, Eunate Elkarteko lehendakari Mari Luz Sanzek dohaintza hori eskertu, eta azaldu digu zein izanen den diruaren helburua: “Eunatek haur gorren entzumena eta gainerako zentzumenak birgaitzeko tratamendura bideratuko du”, lan horixe egiten baitu elkarteak bere kabinete logopedikoaren bitartez. Ekitaldian, elkar ezagutzeko aukera izan dute Eunate elkarteak eta TCCko Teaming-ekimenean parte hartzen duten pertsonek, eta horrela, bertatik bertara ezagutu ahal izan dute nora bideratu diren beren hileko dohaintzak. Eskerrak ematearren, Eunate Elkarteko partaideak eta haien familiak bideo bat egin dute.
Teaming ekimen sozialaren bidez, euro bateko mikro-dohaintzak biltzen dira nominaren bitartez gizarte-proiektu bati laguntzeko; urtero aukeratzen da proiektu berri bat enpresa osatzen duten pertsona guztiek botoa emanda. Gainera, enpresak beste euro bat ematen du ekimen horrekin modu boluntarioan bat egiten duen langile bakoitzeko.
Iruñeko TCC-ko langileek berek aurkeztu zituzten zazpi proiektu, haiek guztiak osasunaren esparruari lotuta. Haien guztien arteko bozketa eginik, handienetik txikienera bitarteko ordena bat ezarri zen, eta, beraz, lehen bildutako 1.500 euroak lehen proiektura bideratu ziren, hurrengo 1.500 euroak bigarren proiektura, eta horrela hurrenez hurren.
‘Entzutea ez da aditzea’ proiektua
Eunate Elkartea 1999tik ari da lanean entzumen-arazoak dituzten pertsonen eskubideak defendatzen, eta, horrela, familiei laguntza eta orientabidea eskainiz, haien ongizatea eta erabateko gizarteratzea bilatzen ditu.
‘Entzutea ez da aditzea’ proiektuak abiapuntu hau du: haur gorren % 95 entzumen-arazorik ez duten familietan sortzen dira, eta, hortaz, zailtasunak sortzen dira haurraren eta haren berdinen arteko komunikazioan eta harremanetan. Horregatik, beharrezkoa da aditzen irakastea, zentzua eman diezaioten entzuten dutenari.
Eunaten diziplina anitzeko talde bat dago, logopedek, psikopedagogoek eta zeinu-interpreteek osatua; horiek aritzen dira, hain zuzen, proiektuaren buru. Haurren garapen integrala bultzatzea da haien lana; horrela, ahalegintzen dira haurrek ahozko hizkuntza berengana dezaten, eta, horretarako, ikaskuntzak eta komunikaziorako sarbidea hobetzen dituzte, bide batez haien integrazioa ere hobetuz, bai familian bai gizartean.
Halaber, gorreriari lotutako behar bereziak dituzten haurrak ere artatzen dira elkartean; beraz, zentzumen anitzeko ikuspuntu batetik ere lantzen da errehabilitazioa. Hizkuntza estimulatzeaz gainera, pertzepzioa garatu eta gainerako zentzumenekin integratzen dute; modu horretan, gaitasun hobea dute bizi diren mundua ulertzeko.