KULTURBUS ABIAN DA IRUDI BERRIA DUELA!
02/06/2017

KULTURBUS ABIAN DA IRUDI BERRIA DUELA!

Ekainaren 2tik, ostirala, Kulturbus berriz ere Iruñeko zein Iruñerriko kaleetan barna ibiliko da gu kulturara hurbiltzeko eta aldi berean garraio iraunkorra sustatzeko.
Errotulazio berria du, aurreko edizioetakoa baino deigarriagoa, eta ekimena sustatzen duten 4 kultura-guneek antolatutako jardueren berri emanen du. Hauek dira kultura-guneok: Gayarre Antzokia, Baluarte Auditorioa, Nafarroako Unibertsitatearen Museoa (MUN) eta Barañain Auditorioa.

Etapa berri honetan, Kulturbus 18. linearen ibilbidetik joanen da, Sarrigurenetik Zizurreraino, Iruñeko erdigunetik pasatuz.

Trokolo Teatroko artistek bi pertsonaia sortu dituzte, “Dora la acomodadora” eta “Aitor el pintor”, zeinak Kulturbuseko bidaiarien joan-etorriak girotuko baitituzte beren umorez 18. linea horretan.
Horrela, ekainaren 2an –ostirala–, 12:00etan, Vianako printzeko geralekuan igoko dira Kulturbusera, Sarrigurenerako norabidean, eta arte-emanaldiak eskainiko dituzte bidaiariekiko interakzioan. Gainera, Dora eta Aitor lagunek gonbidapenak emanen dituzte Kulturbusean, aipatutako kultura-gune horietan programatutako ikuskizunetara joateko.
Emanaldiak Kulturbusen:
Ekainaren 2tik, ostirala, urtea bukatu bitarte, aldian behingo arte-emanaldiak egonen dira, 4 kultura-guneetan programatutako konpainiek eta artistek eskainiak.
Gainera, aldizka, Trokolo Teatro konpainia lokaleko artistek beren umorea eskainiko diete Kulturbuseko bidaiariei. Eta gonbidapenak emanen dizkiete, 4 kultura-guneetan programatutako ikuskizunak ikusteko, Kulturaren Busean egindako jolas, galdera edo lehiaketetan parte hartzen duten bidaiariei.

Nafarroako Fundazioen ekimen bat da.
Kulturbus Nafarroako Fundazioen ekimen bat da, eta horretan, aipatutako 4 eszena-guneez gainera, honako hauek ere parte hartzen dute: Iruñeko Udalak, Iruñerriko Mankomunitateak eta TCC (Transports Ciutat Comtal) enpresak – azken horrek busaren errotulazioa hartzen du bere gain, eta bere laguntza ezinbestekoa da proiektua gauzatzeko–.
Gainera, Nafarroako Kutxa Fundazioak ere laguntzen dio Kulturbusi, 2015ean Kulturaren Busaren lehen edizioaz geroztik gertatu den bezalaxe.
Etapa berri honetan –Kulturbusen hirugarren edizioa– ongietorria ematen diogu Nafarroako Unibertsitatearen Museoari –MUN–, Uharte Arte Garaikideko Zentroaren lekukoa hartu baitu –horrek aurreko bi edizioetan hartu zuen parte–.

kulturbus303


Kulturbus proiektuaren koordinazioa Quiero Teatro eta Karekin Kultura entitateen esku dago; kultura-kudeaketan aritzen diren enpresak dira, eta entitate antolatzaileen, artisten eta ikusleen arteko koordinazioaz arduratzen dira.
Kulturbus proiektua 2015ean sortu zen, honako helburu hauekin: interes handiagoa piztea arte eta kulturaren alde, sustatzea herritarren eta Kultura Zentroen arteko harremanak, eta, aldi berean, sustatzea mugikortasun kolektiboa eta jasangarria Iruñerrian.
Iaz, Kulturbusen 66 gonbidapen oparitu ziren ekimena bultzatzen duten eszena-guneetan programatutako 10 ikuskizun baino gehiago ikusteko, eta, horrela, kulturarako sarbidea erraztu zen.
Anitz izan dira Kulturbusera igo diren artistak eta konpainiak, eta asko eta asko kantu, dantza, errezitaldi eta holakoekin txundituta eta hunkituta geratu diren bidaiariak. Kulturbusek zuzeneko arteaz gozatzeko aukera ematen du, hain zuzen batere ohikoa ez den gune batean, hots, hiri-autobus batean.