NAVILENS KODEAK EHGAREN GERALEKUETAN, IKUSTEKO DESGAITASUNA DUTEN PERTSONAK GIDATZEKO
23/09/2024

NAVILENS KODEAK EHGAREN GERALEKUETAN, IKUSTEKO DESGAITASUNA DUTEN PERTSONAK GIDATZEKO

Gainera, hilabete honetatik aurrera, billabesa guztiek doako wifia edukiko dute

Iruñerriko Mankomunitatea eta Moventis TCC, Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzua ematen duen enpresa, EHGaren geralekuetako markesina eta zutoin guztietan NaviLens kodeak kokatzen hasi dira.

NaviLens kodeak bi dimentsioko barra-kodeen aldaera bat dira, QR kode baten antzekoak, baina tamaina handiagoko koloretako karratuek eratutakoak. Ikusteko desgaitasuna duten pertsonei orientatzen laguntzeko erabiltzen dira, NaviLens GO mugikorreko aplikazioa erabilita tren-geltokietan, metro-geltokietan, museoetan, liburutegietan edo, kasu honetan bezala, garraio publikoko geralekuetan jartzen ari diren kodeekin.

EHGaren markesina edo zutoin baten etiketa detektatzean, aplikazioak etiketarekiko distantzia adierazten du eta geraleku horri lotutako Hiri Garraioko lineetako hurrengo autobusak iristeko orduen informazioa ematen du.

NaviLens sistema ezartzea EHGaren zerbitzuaren berrikuntza teknologikorako planaren barnean dago, eta barne hartzen ditu beste ekintza batzuk, hala nola “Tu Villavesa” aplikazioaren bertsio berria, duela gutxi abiarazi dena, edo www.infotuc.es garraioko webgunearen etorkizuneko bilakaera.
Irakurketa, zenbait metrotara

Imagen Navilens

NaviLens aplikazioak algoritmo bisualak erabiltzen ditu, eta haiek ahalbidetzen dute etiketa ia bat-batean interpretatzea zenbait metrotara (gutxi gorabehera ohiko QR bat baino 12 aldiz urrunago), mugimenduan eta bai kolore-kodea ia nabaria ez denean. Hala, sistemak etiketak detektatzen ditu erabiltzailea oinez dabilen bitartean eta kodea fokuratu behar izan gabe, eta hori ezinbestekoa da ikusteko desgaitasuna duten pertsonentzat. Sistemak 160 gradurainoko angeluekin irakur ditzake kodeak eta bai argitasun gutxiko baldintzetan ere.

NaviLens kodeak markesina eta zutoin guztietan kokatzea amaituta egongo da gutxi gorabehera aste bateko epean. Markesina bakoitzak hiru kode edukiko ditu (bat kanpoko alde bakoitzean eta beste bat barnekoan), bide publikoko edozein kokapenetatik ikustea bermatzeko. Bere aldetik, zutoin bakoitzak kode bat edukiko du. Argitu behar da kode hauek ez dituztela ordeztuko markesinetan eta zutoinetan dauden QR kodeak.
Mugikorretan kode hauek irakurtzeko berariazko aplikazioa (NaviLens GO) Google Play (Android) eta App Store (IOS – Iphone) aplikazioak banatzeko plataformetara sartuta deskargatu ahal da. Gainera, EHGaren markesinetan eta zutoinetan kokatutako NaviLens etiketa bakoitzaren ondoan, beste kode bat dago aplikazioa deskargatzeko.

Mankomunitatearen eta Moventis TCCren ekimen hau Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Nafarroako Batzordearekin (CERMIN) elkarlanean egin da, instalazioaren ezaugarriak zehaztu eta erabakitzeko ekarpenak egin baititu.

Doako wifi konexioa, billabesa guztietan
Beste alde batetik, irail honetatik aurrera, Eskualdeko Hiri Garraioko billabesa guztiek Interneterako doako konexioa edukiko dute wifi bidez. Autobusetan wifi konexioa jartzea ere EHGaren zerbitzuaren berrikuntza teknologikorako planaren barnean dago. Wifi konexio honen aurreneko proba pilotua 2019an egin zen, 9. linean (Renfe – Nafarroako Unibertsitate Publikoa) eta 18. linean (Zizur Nagusiko urbanizazioa – Sarriguren).
Billabesetan wifia erabiltzeko, ez da beharrezkoa izango erabiltzailea kautotzea. Erabiltzailea autobusaren barnean dagoenean, bere gailuan “WIFI TUC” izeneko sarea hautatu beharko du eta horrek sarbidea emango dio Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzua ematen duen Moventis TCC enpresaren logotipoa daukan pantaila batera. Pantaila horretan, “Aceptar / Onartu” botoia sakatu beharko du, eta une horretatik aurrera doan nabigatuko du autobusean kokatuta egongo den wifi konexioaren bidez.
Nabigazio-abiadura 1 Mb/s-koa izango da (megabit segundoko). Segurtasun-arrazoiengatik eta konexioaren eraginkortasuna optimizatzeko, sistemak zenbait orrialdetara sartzea murriztuko du eta bai fitxategi astunak deskargatzea ere, erabiltzaileko eta eguneko 100 Mb-ko mugarekin.