ZAZPI BILLABESA BERRI ESKUALDEKO HIRI GARRAIORAKO
Ibilgailu hauek kontuan hartuta, egun 140 autobusek eratzen dute flota eta batez besteko adina 7,13 urtekoa dute.
Eskualdeko Hiri Garraioko flotak zazpi billabesa berri ditu gaurtik aurrera. Gaur goizean, Iruñerriko Mankomunitateak eta zerbitzuaren kontzesioa duen enpresak, TCCk, ibilgailu berriak aurkeztu dituzte, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari Aritz Ayesak eta Moventia taldeko lehendakari Miquel Martík parte hartu duten ekitaldi batean.
Zazpi autobusak zurrunak dira, 12 metroko luzerakoak, denen artean 579 bidaiari garraiatzeko tokia dute, eta haietatik 182 eserita joan daitezke. Gainera, autobus berri hauetan, denen artean, 10 aulki gurpildun eramateko tokia dago. Zazpi autobusetatik bi hibridoak dira, Volvo D15K240 modelokoak. Hartara, motor elektriko bat eta beste bat diesela dute, paraleloan funtziona dezaketenak edo era independentean. Konfigurazio horrek aukera ematen du, autobus konbentzionalekin alderatuta, erregaiaren %27 aurrezteko. Beste bost autobusak Solaris Paccar dira. Era berean, adierazi behar da zazpi ibilgailuek EURO VI kutsadura mugak betetzen dituztela, Europar Batasunak ezartzen dituenak.
Esku hartu duenean, Aritz Ayesak nabarmendu du zerbitzua ematen hasi diren autobus berrietatik bi hibridoak direla eta horrek esan nahi duela flotan sei ibilgailu hibrido daudela, hau da, flota eratzen duten 140 autobusen %4 direla halakoak. Ayesaren arabera, “Kopuru horiek oraindik handitzen joan behar dute, baina jada erakusten dute Mankomunitateak hartua duen konpromiso bat. Hartara, jarraipena izango du irailean beste hiru autobus hibrido martxan jartzean”. Autobusak hibridoak izatea garrantzitsua da 2014an CO2 igorpenak murrizteko Mankomunitateak abian jarri zuen proiektu baten barnean sartzen delako. Erakundearen Karbono Aztarna erregistratu zen eta agerian gelditu zen Mankomunitateak ematen dituen zerbitzu guztietatik Eskualdeko Hiri Garraioa dela igorpen gehien aireratzea dakarren bigarrena, igorpen guztien %26 eragiten baititu. Hori dela-eta, Ayesak adierazi duenez, “ibilgailu hibrido bakoitza pauso bat gehiago da gure igorpenak gutxitzeko bidean, eta are garrantzitsuagoa da aintzat hartzen badugu unitate hibrido bakoitzak ibilgailu konbentzional batek baino %27 erregai gutxiago kontsumitzen duela”.
Esku-hartzea amaitzeko, Ayesak esker ona adierazi nahi izan die Iruñerriko Mankomunitateko langile teknikariei, TCCko tailerretako taldeari eta, bereziki, hiri garraioko gidariei, sanferminetan egiten duten lanarengatik. Horrez gain, aukera baliatu du gogora ekartzeko Mankomunitateak duela egun batzuk gidariei adierazi zien elkartasuna eta babesa, azken hilabete hauetan izan dituzten erasoengatik. Alde horretatik, hau zehaztu du: “Gaur aurkezten ari garen autobus guztiek bideozaintzako sistemak dituzte eta, beraz, horrek erakusten du halako gertakariak errepikatzea ekiditeko konpromisoa hartua duela Mankomunitateak”.
Bere aldetik, Moventia taldeko presidente Miquel Martík nabarmendu du, gaur aurkeztu diren zazpi ibilgailuak eta irailean iritsiko diren hirurak kontuan hartuta, talde hori Eskualdeko Hiri Zerbitzura iritsi denetik (duela sei urte) flotan ia 60 autobus berri sartu direla eta horrek esan nahi duela %41 berritu direla. Martíren arabera, garraio publikoaren aldeko apustu garbia eta Mankomunitatearen eta TCCren elkarlana emaitza onak izaten ari dira. Alde horretatik, Moventiako lehendakariak adierazi du urtearen lehen erdian %7 handitu dela bidaiari kopurua eta datu horrek erakusten duela lana ongi egiten ari dela. Era berean, aukera ematen du kalkulatzeko urtearen amaieran 35,5 milioi erabiltzaile izatera iristeko.
140 IBILGAILUKO FLOTA, BATEZ BESTEKO ADINA 7,13 URTEKOA DUENA
Zazpi ibilgailu berri hauek erosi eta zazpi zaharrenak kenduta, flotak 140 ibilgailu izaten jarraitzen du, baina batez besteko adina 7,78 urtekoa izatetik 7,13 urtekoa izatera igaro da. Flota osoa kontuan hartuta, 52 autobus artikulatuak dira (18 metro), 85 tamaina estandarrekoak (12 metro) eta 3 ibilgailu 9,7 metrokoak.
Zerbitzu honetarako urte osoko egunik zail eta zorrotzenekin batera hasiko dira lanean billabesa hauek: San Fermin jaiak. Izan ere, egun hauetan flotako ibilgailu guztiek 260.000 kilometro egingo dituzte, ia 20.700 zerbitzu ordu izango dira eta 1.700.000 pertsona garraiatuko dituzte (gutxi gorabehera urte osoko bidaiarien %5).