10 BILLABESA HIBRIDO BERRI ESKUALDEKO HIRI GARRAIORAKO
Ezaugarri horietako azkenak izango dira: 2022tik aurrera gas natural bidez mugiarazitako autobusak erosiko ditu IMk
Gaur goizean, Eskualdeko Hiri Garraioaren garajeetan egindako ekitaldi batean, Iruñerriko Mankomunitateak 10 autobus hibrido berri aurkeztu ditu, gaurtik aurrera Eskualdeko Hiri Garraioaren flotan arituko direnak. Ekitaldi horretan, hain zuzen, IMko Garraio arloko zuzendari Jesús Velasco eta Moventia taldeko kontseilari delegatu Josep María Martí izan dira.
10 ibilgailu berriak artikulatuak dira, 18 metroko luzerakoak, MAN markakoak eta ‘Lions’s City 19C Efficient Hybrid’ modelokoak. Haien motorra hibridoa da, gasolioa eta elektrizitatea baliaten duena, eta 265 kW-eko potentziakoa. Ibilgailu bakoitzak 141 plaza ditu guztira (haietatik 38 eserita joateko), gehi bi aulki gurpildunetarako tokia.
Autobus berri guztiek EURO VI kutsadura-mugak betetzen dituzte, Europar Batasunak ezartzen dituenak. Eta, gainera, denek segurtasuneko manparak dituzte (pandemiaren ondorioz, manparak jarri dira EHGaren flotaren %100ean, gidariak babesteko helburuarekin) eta bai segurtasuneko bideokamerak ere, eta, horrenbestez, ia flota osoak sistema hori du. Gainera, hamar billabesek Mobileye segurtasun aktiboko sistema dute. Hain zuzen, ibilgailu bakoitzak bost kamera ditu, eta talka egiteko berehalako arriskua badago, langilea ohartarazten du sistemak. Azkenik, nabarmendu behar da ibilgailu berriek aulki gurpildunak sartzeko arrapala egokia dutela, CERMIN batzordeko kideek egiaztatua, joan den martxoan modelo hobetua, egonkorragoa eta funtzionalagoa sartu ondoren 2020an flotan sartutako ibilgailuetan.
Ibilgailu hauek erostea 2020an esleitu zen, eta lanean hasteko prest daude, matrikulazio-izapideak eginda baitaude. Ibilgailu bakoitzaren kostua 402.850,00 euro izan da (BEZa kanpo).
Hitza hartu duenean, Jesús Velascok hau adierazi du: “Hamar autobus berri hauek iristeak flota gaztetzea dakar, segurtasuna emendatzea eta aurrera egitea zerbitzuaren iraunkortasunean. Hori guztia garraioa erabiltzen duten herritarren eta ibilgailu berriekin lan egingo duten langileen onurarako izango da, ondorio positiboa izango du”.
Bere aldetik, Josep María Martík aipatu du joan den urteko martxoaren 14az geroztik EHGak bizi duen egoera ohiz kanpoko eta berezia, eta zerbitzua ematen jarraitzeko langile guztiek egiten duten ahalegina aitortu du. Horrez gain, gogorarazi nahi izan du EHGa segurua dela, eta higiene- eta kontrol-protokoloak aplikatzen direla bertan.
GASOLIOA ETA ELEKTRIZITATEA BALIATZEN DUTEN AZKEN IBILGAILU HIBRIDOAK
Gaur aurkeztu diren autobus hauek Eskualdeko Hiri Garraioaren flotan sartuko diren azken ibilgailu hibridoak dira, gasolioa eta elektrizitatea baliatzen dutenak, IMren Batzar Nagusiak ekainaren 30ean egin zuen saioan EHGan gutxiago kutsatzen duten energiak sartzeko II. plana onartu baitzuen, kutsatzen duten autobusak progresiboki ordezten joateko. Ondorioz, IMk Hiri Garraioaren flotan progresiboki gasolioa erabiltzeari utziko dio eta gas natural konprimatuaren bidez mugiarazitako autobusak sartzen joango da, jatorri berriztagarriaren bermea dutenak.
Azken xedea da Mankomunitateak, karbonoari dagokionez, neutroak diren zerbitzuak ematea 2030ean, eta horretarako jarduketa nagusia ekonomia zirkularreko proiektu bat da. Hain zuzen, proiektu horren bidez, hondakin-uren tratamenduan eta zaborren gai organikoak tratatzean sortutako biogasa Mankomunitatearen ibilgailu astunen flotetarako erregaia izango da: EHGko autobusak, zaborrak biltzeko kamioiak eta Uraren Ziklo Integraleko mantentze-ibilgailuak.
159 IBILGAILUKO FLOTA, BATEZ BESTEKO ADINA 6,76 URTEKOA DUENA
10 ibilgailu berri hauek erosi eta zortzi zaharrenak kenduta, EHGko flotak 159 ibilgailu izango ditu (duela urte bat baino 2 gehiago), eta batez besteko adina 6,76 urtekoa izango da. Flota osoa kontuan hartuta, 61 autobus artikulatuak dira (18 metro), 97 autobus 12 metrokoak eta 2 ibilgailu 10 metrokoak. Adierazi behar da ibilgailu berri hauek eskuratuta Eskualdeko Hiri Garraioak 66 ibilgailu hibrido eta 6 elektriko dituela, eta, beraz, horrek esan nahi du flotako autobusen %45 eraginkorrak direla ingurumenari dagokionez.