% 100 ELEKTRIKOA DEN AUTOBUS BERRI BAT SARTU DU IMK ESKUALDEKO HIRI GARRAIOAREN FLOTAN
07/09/2023

% 100 ELEKTRIKOA DEN AUTOBUS BERRI BAT SARTU DU IMK ESKUALDEKO HIRI GARRAIOAREN FLOTAN

Aurreikusita dago hurrengo ekaina bitartean gainerako 19 ibilgailuak iristea, azken erosketari dagozkionak

Gaur goizean, Iruñerriko Mankomunitateak autobus berri bat aurkeztu du, % 100 elektrikoa dena eta hurrengo egunetan Eskualdeko Hiri Garraioaren flotan sartuko dena.

Aurkezpen-ekitaldi hori Aduanako Zokoa kalean egin da, IMren egoitza berriaren ondoan, eta bertan egon dira Nafarroako Gobernuko Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren zuzendari nagusia, Berta Miranda, IMko lehendakaria, David Campión, Moventis taldeko zuzendari nagusia, Juan Giménez, eta iparraldean Iberdrolak duen ordezkaria, Eduardo Lobato.

Aurreikusita dago 2024ko lehen hilabeteetan beste bederatzi ibilgailu iristea (2023ko flota-berritzeari dagozkionak) eta hurrengo ekainean gainerako hamarrak sartzea zerbitzuan. % 100 elektrikoak diren 20 autobus berri hauek 2019az geroztik 9. linean zerbitzua ematen duten sei autobus elektrikoei gehituko zaizkie, eta, hortaz, horrek ahalbidetuko du billabesen flotaren eraldaketa digitalean aurrera egitea, isurpenei dagokienez, flota erabat neutroa izateko helburuan.

Tranbien itxura duen autobusa
Gaur goizean aurkeztu den autobusa ‘Irizar ieTRAM 12’ modelokoa da, 12 metroko luzerakoa. Ibilgailuak diseinu abangoardista dauka, tranbien itxurarekin, azken belaunaldiko Irizar bateriak ditu, 430 kWh-koak, eta 240 kW-eko trakzioko potentzia maximoko motorrak. Karga-potentzia 100 kW-ekoa da, eta 5 ordu baino lehenago egiten da karga. Autobusean ontziratutako energiak bermatzen du gutxienez 16,5 orduko zerbitzua ematea.
80 lagunentzako edukiera du ibilgailuak, hiru ate irristakor –trenetakoak bezalakoak–, 26 eserleku (haietako 4 mugikortasun murriztuko pertsonentzat), bi gune gurpil-aulkiak eta haur-kotxeak kokatzeko, eta gurpil-aulkiak sartzeko arrapala bikoitza (elektrikoa + eskuzkoa).
Ibilgailu-modelo honek duen teknologiaren adibide gisa esan daiteke, atzerako ispiluen ordez, bi kamera digital dituela, gidatzeko postuan kokatutako pantailetan proiektatzen dituztenak irudiak, eta horrek bermatzen du ikuspena bikaina izatea argiztatze-baldintza guztietan. Gainera, ibilgailu berrian garrantzia ematen zaio ingurunearen segurtasun pasiboari ADAS sistemekin (gidatzen laguntzeko sistema aurreratuak), gidatu bitartean sor litezkeen arrisku-egoerak minimizatzen laguntzeko.

366A0039

Kargatzeko instalazioa
Autobus berriak kargatzeko, EHGaren garajeetako nabean kargarako hamar ekipo artezle kokatu dira, 180 kW-ekoak, irteera bikoitza duten hamar banagailu elikatzen dituztenak, haietako bakoitzari ahalbidetzen diotenak bi autobus kargatzea aldi berean, 90 kW bakoitza, edo bakarra, ibilgailuak ahalbidetzen duen karga maximoan (180 kW-eraino).
Ekipo horiek elikatzeko erdi-tentsioko linea bat egokitu da, 13,2 kV-ekoa, garajeetako zelaian dagoen transformazio zentrotik nabearen barnealdean, artezleen ondoan, kokatutako 2.500 kVA-ko transformazio-zentro berri bateraino.
Instalazioak Bia Could plataforma bat du, eta horrek ahalbidetzen du ibilgailuen karga kudeatzea denbora errealean monitorizatzen eta karga-prozesua urrutitik kudeatzen, modu adimendunean, eta ikasketa automatikoko teknologiak erabiltzen.

‘Next Generation EU’ funtsak
bilgailu berriak Europako funtsei esker erosi dira, Hiri Garraioaren eraldaketa iraunkorrera bideratutako funtsak baitira. Hain zuzen, Garraioen, Mugikortasunaren eta Hiri Agendaren Ministerioak (MITMA) 4,9 milioi euro eman dizkio Iruñerriko Mankomunitateari. IMren proposamenak jasotzen zuen, batetik, 12 metroko 20 autobus elektriko eskuratzea (4 milioi euroko laguntza) eta, bestetik, karga moteleko 20 gune kokatzea, 90 kw-koa bakoitza, eta garajeak xede horretarako egokitzea (910.580 euroko laguntza)

Zehazki, ibilgailu bakoitzaren prezioa 498.000 euro da, eta MITMA Ministerioaren dirulaguntza, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barnean, 200.000 eurokoa da ibilgailu bakoitzeko. Elektrizitatez kargatzeko sareari dagokionez, proiektua idaztea, eta garajeetan beharrezkoa den azpiegituraz eta kargatzeko 20 gunez hornitzea eta instalatzea Iberdrolari esleitu zitzaion, 811.232,96 euroren truke. MITMAren dirulaguntzak kostu horren % 90 estali du.

Gogoan izan behar da, pandemiak eragindako krisiaren erantzun moduan, Europako Kontseiluak ‘Next Generation EU’ funtsak sortzea onartu zuela 2020ko uztailean, Europar Batasunak finantzatutako pizgarri ekonomikoko plan bat. 750.000 milioi euroz hornituta, klima-aldaketaren kontrako borrokak eta deskarbonizazioak jarduketen % 35 izan behar zuten, gutxienez. Kopuru horietatik, Espainiari 140.000 milioi euro egokitu zitzaizkion transferentzietan eta kredituetan. Isurpen baxuko eremuak ezartzeko eta hiri-garraioaren eraldaketa digitala eta iraunkorra bultzatzeko toki-erakundeei emango zaizkien laguntzak 1.000 milioi eurokoak dira eta leheneratze-planei dagozkie. Banaketa mugikortasun iraunkorreko proiektuak sustatzera bideratu zen 50.000 biztanletik gorako Espainiako 170 udalerritan, probintzia-hiriburutan, eta 20.000 eta 50.000 biztanle arteko udalerritan, eta bai udalez gaindiko bi erakundetan ere: Iruñerriko Mankomunitatea eta Bartzelonako Metropoli Eremua (AMB).

366A0462

Gutxiago kutsatzen duten energien plana
Hiri-garraioan mugikortasun elektrikoa ezartzeak ingurumenerako abantaila handiak dakartza berekin. Gasolioa erretzeari lotutako eta gizakion osasunerako kaltegarriak diren gasak ez isurtzeaz gain, ibilgailu berriak askoz ere isilagoak dira, eta, beraz, hiri-inguruneetan zarata arintzen laguntzen du horrek.

2021ean EHGan gutxiago kutsatzen duten energiak erabiltzeko II. plana onartu zuen IMk, kutsatzen duten autobusak progresiboki ordezten joateko. Ondorioz, IMk jada ez du erosten gasolioa baliatzen duen autobusik eta Hiri Garraioaren flotan erregai hori progresiboki alde batera uzten jarraitzen du. Gogoan izan behar da 2022ko ekaina eta aurtengo ekaina artean gas eta elektrizitate bidezko motorra duten 19 autobus hibrido eskuratu dituela, jatorri berriztagarriaren bermea duten gas natural konprimatuak higiarazten dituenak, eta haiei gehituko zaizkie laster % 100 elektrikoak diren 20 autobus berriak. Hartara, erabaki horiekin ‘2030ean karbonoari dagokionez neutroa’ izateko bere helburu nagusirantz doa Mankomunitatea.

Batez beste 7,09 urte dituzten 159 ibilgailuko flota
% 100 elektrikoa den ibilgailu berria hurrengo egunetan sartuko da flotan, eta aurreikusita dago eguneko zerbitzu osoa ematen aritzea L3 linean (Zirkularra mendebaldea: hirigunea – Antsoain). Ibilgailu zaharrena kenduta, EGHko flotak 159 ibilgailu izaten jarraituko du eta batez besteko adina 7,09 urtekoa izango da. Flota osoan, 62 ibilgailu artikulatuak dira (18 metrokoak), 94 12 metrokoak eta 2 10 metrokoak. Zehaztu behar da ibilgailu berria flotan sartuta Eskualdeko Hiri Garraioak 66 ibilgailu hibrido dituela, gasolioa eta elektrizitatea erabiltzen dutenak, 7 elektriko eta 19 jatorri berriztagarriko gasak propultsatutakoak, eta, horrenbestez, flotako ibilgailuen % 58 ingurumenari dagokionez eraginkorrak diren ibilgailuak dira.