12/02/2024

% 100 ELEKTRIKOAK DIREN BEDERATZI AUTOBUS SARTU DITU IMK ESKUALDEKO HIRI GARRAIOAREN FLOTAN

urreikusita dago ekaina bitartean gainerako hamar ibilgailuak iristea, azken erosketari dagozkionak

Eskualdeko Hiri Garraioak % 100 elektrikoak diren bederatzi autobus berri sartu ditu zerbitzuan, eta hurrengo egunetan joango dira gehitzen flotara. Billabesa berriak aurkezteko ekitaldia EHGaren garajeetan egin da, eta bertan egon dira Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, Alicia Echeverría, Nafarroako Gobernuko Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren zuzendari nagusia, Berta Miranda, IMko lehendakaria, David Campión, eta Moventis taldeko zuzendari nagusia, Juan Giménez.

nuevos_buses_120224_01.jpg

Gaur goizean aurkeztu diren bederatzi ibilgailuak ‘Irizar ieTRAM 12’ modelokoak dira, 12 metroko luzerakoak, joan den irailean aurkeztu zen autobusaren berdin-berdinak, hain zuzen. Ibilgailuek diseinu abangoardista daukate, tranbien itxurarekin, azken belaunaldiko Irizar bateriak dituzte, 430 kWh-koak, eta 240 kW-eko trakzioko potentzia maximoko motorrak. Karga-potentzia 100 kW-ekoa da, eta 5 ordu baino lehenago egiten da karga. Autobus bakoitzean ontziratutako energiak bermatzen du gutxienez 16,5 orduko zerbitzua ematea.

Ibilgailu bakoitzak 80 lagunentzako edukiera du, hiru ate irristakor –trenetakoak bezalakoak–, 26 eserleku (haietako 4 mugikortasun murriztuko pertsonentzat), bi gune gurpil-aulkiak eta haur-kotxeak kokatzeko, eta gurpil-aulkiak sartzeko arrapala bikoitza (elektrikoa + eskuzkoa).

Ibilgailu-modelo honek duen teknologiaren adibide gisa esan daiteke, atzerako ispiluen ordez, bi kamera digital dituela, gidatzeko postuan kokatutako pantailetan proiektatzen dituztenak irudiak, eta horrek bermatzen du ikuspena bikaina izatea argiztatze-baldintza guztietan. Gainera, ibilgailu berrietan garrantzia ematen zaio ingurunearen segurtasun pasiboari ADAS sistemekin (gidatzen laguntzeko sistema aurreratuak), gidatu bitartean sor litezkeen arrisku-egoerak minimizatzen laguntzeko.

Aurreikusita dago hurrengo ekainean iristea gainerako hamar ibilgailuak, kasu honetan 2024ko flota-berritzeari dagozkionak. % 100 elektrikoak diren autobus berri hauek guztiak jada zerbitzuan dauden zazpi autobus elektrikoei gehitu behar zaizkie: 2019az geroztik 9. linean zerbitzua ematen duten sei autobus elektriko eta aurreko irailean aurkeztu zen autobusa, 3. linean aritzen dena.

Kargatzeko instalazioa
Gogora ekarri behar da autobus berriak kargatzeko EHGaren garajeetako nabean kargarako hamar ekipo artezle kokatu zirela joan den urtean, 180 kW-ekoak, irteera bikoitza duten hamar banagailu elikatzen dituztenak, haietako bakoitzari ahalbidetzen diotenak bi autobus kargatzea aldi berean, 90 kW bakoitza, edo bakarra, ibilgailuak ahalbidetzen duen karga maximoan (180 kW-eraino).

Ekipo horiek elikatzeko erdi-tentsioko linea bat egokitu zen, 13,2 kV-ekoa, garajeetako zelaian dagoen transformazio zentrotik nabearen barnealdean, artezleen ondoan, kokatutako 2.500 kVA-ko transformazio-zentro berri bateraino.

Instalazioak Bia Could plataforma bat du, eta horrek ahalbidetzen du ibilgailuen karga kudeatzea denbora errealean monitorizatzen eta karga-prozesua urrutitik kudeatzen, modu adimendunean, eta ikasketa automatikoko teknologiak erabiltzen.

nuevos_buses_120224_09_2.jpg

‘Next Generation EU’ funtsak
Ibilgailu berriak Europako funtsei esker erosi dira, Hiri Garraioaren eraldaketa iraunkorrera bideratutako funtsak baitira. Hain zuzen, Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren Ministerioak (MITMA) 4,9 milioi euro eman zizkion Iruñerriko Mankomunitateari. IMren proposamenak jasotzen zuen, batetik, 12 metroko 20 autobus elektriko eskuratzea (4 milioi euroko laguntza) eta, bestetik, karga moteleko 20 gune kokatzea, 90 kw-koa bakoitza, eta garajeak xede horretarako egokitzea (910.580 euroko laguntza).

Zehazki, ibilgailu bakoitzaren prezioa 498.000 euro da, eta MITMA Ministerioaren dirulaguntza, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barnean, 200.000 eurokoa da ibilgailu bakoitzeko. Elektrizitatez kargatzeko sareari dagokionez, proiektua idaztea, eta garajeetan beharrezkoa den azpiegituraz eta kargatzeko 20 gunez hornitzea eta instalatzea Iberdrolari esleitu zitzaion, 811.232,96 euroren truke. MITMAren dirulaguntzak kostu horren % 90 estali du.

Gogoan izan behar da, pandemiak eragindako krisiaren erantzun moduan, Europako Kontseiluak ‘Next Generation EU’ funtsak sortzea onartu zuela 2020ko uztailean, Europar Batasunak finantzatutako pizgarri ekonomikoko plan bat. 750.000 milioi euroz hornituta, klima-aldaketaren kontrako borrokak eta deskarbonizazioak jarduketen % 35 izan behar zuten, gutxienez. Kopuru horietatik, Espainiari 140.000 milioi euro egokitu zitzaizkion transferentzietan eta kredituetan. Isurpen baxuko eremuak ezartzeko eta hiri-garraioaren eraldaketa digitala eta iraunkorra bultzatzeko toki-erakundeei emango zaizkien laguntzak 1.000 milioi eurokoak dira eta leheneratze-planei dagozkie. Banaketa mugikortasun iraunkorreko proiektuak sustatzera bideratu zen 50.000 biztanletik gorako Espainiako 170 udalerritan, probintzia-hiriburutan, eta 20.000 eta 50.000 biztanle arteko udalerritan, eta bai udalez gaindiko bi erakundetan ere: Iruñerriko Mankomunitatea eta Bartzelonako Metropoli Eremua (AMB).

Gutxiago kutsatzen duten energien plana

Hiri-garraioan mugikortasun elektrikoa ezartzeak ingurumenerako abantaila handiak dakartza berekin. Gasolioa erretzeari lotutako eta gizakion osasunerako kaltegarriak diren gasak ez isurtzeaz gain, ibilgailu berriak askoz ere isilagoak dira, eta, beraz, hiri-inguruneetan zarata arintzen laguntzen du horrek.

2021ean EHGan gutxiago kutsatzen duten energiak erabiltzeko II. plana onartu zuen IMk, kutsatzen duten autobusak progresiboki ordezten joateko. Ondorioz, IMk jada ez du erosten gasolioa baliatzen duen autobusik eta Hiri Garraioaren flotan erregai hori progresiboki alde batera uzten jarraitzen du. Gogoan izan behar da 2022 eta 2023 artean IMk gas natural konprimatuak higiarazten dituen 13 autobus eta 6 autobus hibrido eskuratu zituela (azken horiek gas hori eta elektrizitatea erabiltzen dutenak), kasu guztietan jatorri berriztagarriaren bermea duen gas natural konprimatua erabiltzen dutenak. Horiei gehitu behar zaizkie orain % 100 elektrikoak diren autobus berri hauek. Hartara, erabaki horiekin ‘2030ean karbonoari dagokionez neutroa’ izateko bere helburu nagusirantz doa Mankomunitatea.

nuevos_buses_120224_05_2.jpg

Batez beste 6,86 urte dituzten 163 ibilgailuko flota
% 100 elektrikoak diren bederatzi ibilgailuak hurrengo egunetan sartuko dira flotan, eta aurreikusita dago eguneko zerbitzu osoa ematen aritzea L2 linean (San Ignazio – Etxabakoitz), L3 linean (Zirkularra mendebaldea: hirigunea – Antsoain) eta L21 linean (Zirkularra ekialdea: hirigunea – Antsoain). Bost ibilgailu zaharrenak kenduta, aldi batean emendatuta egongo da EHGaren flota, 163 ibilgailu izatera iritsita, eta San Fermin jaien ondoren berrikusiko da. Batez besteko adina 6,86 urtekoa izango da.

Flota osoan, 64 ibilgailu artikulatuak dira (18 metrokoak), 97 12 metrokoak eta 2 10 metrokoak. Zehaztu behar da ibilgailu berriak flotan sartuta Eskualdeko Hiri Garraioak 66 ibilgailu hibrido dituela, gasolioa eta elektrizitatea erabiltzen dutenak, 16 elektriko eta 19 jatorri berriztagarriko gasak propultsatutakoak, eta, horrenbestez, flotako ibilgailuen % 62 ingurumenari dagokionez eraginkorrak diren ibilgailuak dira.