% 100 ELEKTRIKOAK DIREN HAMAR AUTOBUS SARTU DITU IMK ESKUALDEKO HIRI GARRAIOAREN FLOTAN
Mankomunitateak 5 milioi euro jaso ditu NEXT GENERATION funtsetatik, inbertsio hau laguntzeko
Eskualdeko Hiri Garraioak % 100 elektrikoak diren hamar autobus berri sartu ditu gaur zerbitzuan, eta hurrengo egunetan joango dira gehitzen flotara. Billabesa berriak aurkezteko ekitaldia EHGaren garajeetan egin da, eta bertan egon dira Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, Alicia Echeverría, Nafarroako Gobernuko Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren zuzendari nagusia, Berta Miranda, IMko lehendakaria, David Campión, eta Moventis taldeko zuzendari nagusia, Juan Giménez.
Gaur goizean aurkeztu diren hamar ibilgailuak ‘Irizar ieTRAM 12’ modelokoak dira, 12 metroko luzerakoak, 2023ko irailean aurkeztu zen autobusaren eta urte honetako otsailean aurkeztu ziren bederatzi autobusen berdin-berdinak, hain zuzen. Ibilgailuek diseinu abangoardista daukate, tranbien itxurarekin, azken belaunaldiko Irizar bateriak dituzte, 430 kWh-koak, eta 240 kW-eko trakzioko potentzia maximoko motorrak. Karga-potentzia 100 kW-ekoa da, eta 5 ordu baino lehenago egiten da karga. Autobus bakoitzean ontziratutako energiak bermatzen du gutxienez 16,5 orduko zerbitzua ematea.
Ibilgailu bakoitzak 74 lagunentzako edukiera du, hiru ate irristakor –trenetakoak bezalakoak–, 26 eserleku (haietako 4 mugikortasun murriztuko pertsonentzat), bi gune gurpil-aulkiak eta haur-kotxeak kokatzeko, eta gurpil-aulkiak sartzeko arrapala bikoitza (elektrikoa + eskuzkoa).
Ibilgailu-modelo honek duen teknologiaren adibide gisa esan daiteke, atzerako ispiluen ordez, bi kamera digital dituela, gidatzeko postuan kokatutako pantailetan proiektatzen dituztenak irudiak, eta horrek bermatzen du ikuspena bikaina izatea argiztatze-baldintza guztietan. Gainera, ibilgailu berrietan garrantzia ematen zaio ingurunearen segurtasun pasiboari ADAS sistemekin (gidatzen laguntzeko sistema aurreratuak), gidatu bitartean sor litezkeen arrisku-egoerak minimizatzen laguntzeko.
% 100 elektrikoak diren autobus berri hauek jada zerbitzuan dauden hamasei autobus elektrikoei gehitu behar zaizkie: 2019az geroztik 9. linean zerbitzua ematen duten sei autobus elektriko eta aurreko irailean eta otsailean aurkeztu ziren autobusak, nagusiki 2., 3., 12. eta 21. lineetan aritzen direnak.
Kargatzeko instalazioa
Gogora ekarri behar da autobus berriak kargatzeko EHGaren garajeetako nabean kargarako hamar ekipo artezle kokatu zirela joan den urtean, 180 kW-ekoak, irteera bikoitza duten hamar banagailu elikatzen dituztenak, haietako bakoitzari ahalbidetzen diotenak bi autobus kargatzea aldi berean, 90 kW bakoitza, edo bakarra, ibilgailuak ahalbidetzen duen karga maximoan (180 kW-eraino).
Ekipo horiek elikatzeko erdi-tentsioko linea bat egokitu zen, 13,2 kV-ekoa, garajeetako zelaian dagoen transformazio zentrotik nabearen barnealdean, artezleen ondoan, kokatutako 2.500 kVA-ko transformazio-zentro berri bateraino.
Instalazioak Bia Cloud plataforma bat du, eta horrek ahalbidetzen du ibilgailuen karga kudeatzea denbora errealean monitorizatzen eta karga-prozesua urrutitik kudeatzen, modu adimendunean, eta ikasketa automatikoko teknologiak erabiltzen.
‘Next Generation EU’ funtsak
Ibilgailu berriak Europako funtsei esker erosi dira, Hiri Garraioaren eraldaketa iraunkorrera bideratutako funtsak baitira. Hain zuzen, Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren Ministerioak (MITMA) 4,9 milioi euro eman zizkion Iruñerriko Mankomunitateari. IMren proposamenak jasotzen zuen, batetik, 12 metroko 20 autobus elektriko eskuratzea (4 milioi euroko laguntza) eta, bestetik, karga moteleko 20 gune kokatzea, 90 kw-koa bakoitza, eta garajeak xede horretarako egokitzea (910.580 euroko laguntza).
Zehazki, ibilgailu bakoitzaren prezioa 498.000 euro da, eta MITMA Ministerioaren dirulaguntza, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barnean, 200.000 eurokoa da ibilgailu bakoitzeko. Elektrizitatez kargatzeko sareari dagokionez, proiektua idaztea, eta garajeetan beharrezkoa den azpiegituraz eta kargatzeko 20 gunez hornitzea eta instalatzea Iberdrolari esleitu zitzaion, 811.232,96 euroren truke. MITMAren dirulaguntzak kostu horren % 90 estali du.
Gogoan izan behar da, pandemiak eragindako krisiaren erantzun moduan, Europako Kontseiluak ‘Next Generation EU’ funtsak sortzea onartu zuela 2020ko uztailean, Europar Batasunak finantzatutako pizgarri ekonomikoko plan bat. 750.000 milioi euroz hornituta, klima-aldaketaren kontrako borrokak eta deskarbonizazioak jarduketen % 35 izan behar zuten, gutxienez. Kopuru horietatik, Espainiari 140.000 milioi euro egokitu zitzaizkion transferentzietan eta kredituetan. Isurpen baxuko eremuak ezartzeko eta hiri-garraioaren eraldaketa digitala eta iraunkorra bultzatzeko toki-erakundeei emango zaizkien laguntzak 1.000 milioi eurokoak dira eta leheneratze-planei dagozkie. Banaketa mugikortasun iraunkorreko proiektuak sustatzera bideratu zen 50.000 biztanletik gorako Espainiako 170 udalerritan, probintzia-hiriburutan, eta 20.000 eta 50.000 biztanle arteko udalerritan, eta bai udalez gaindiko bi erakundetan ere: Iruñerriko Mankomunitatea eta Bartzelonako Metropoli Eremua (AMB).
Gutxiago kutsatzen duten energien plana
Hiri-garraioan mugikortasun elektrikoa ezartzeak ingurumenerako abantaila handiak dakartza berekin. Gasolioa erretzeari lotutako eta gizakion osasunerako kaltegarriak diren gasak ez isurtzeaz gain, ibilgailu berriak askoz ere isilagoak dira, eta, beraz, hiri-inguruneetan zarata arintzen laguntzen du horrek.
2021ean EHGan gutxiago kutsatzen duten energiak erabiltzeko II. plana onartu zuen IMk, kutsatzen duten autobusak progresiboki ordezten joateko. Ondorioz, IMk jada ez du erosten gasolioa baliatzen duen autobusik eta Hiri Garraioaren flotan erregai hori progresiboki alde batera uzten jarraitzen du. Gogoan izan behar da 2022 eta 2023 artean IMk gas natural konprimatuak higiarazten dituen 13 autobus eta 6 autobus hibrido eskuratu zituela (azken horiek gas hori eta elektrizitatea erabiltzen dutenak), kasu guztietan jatorri berriztagarriaren bermea duen gas natural konprimatua erabiltzen dutenak. Horiei gehitu behar zaizkie orain % 100 elektrikoak diren autobus berri hauek. Hartara, erabaki horiekin ‘2030ean karbonoari dagokionez neutroa’ izateko bere helburu nagusirantz doa Mankomunitatea. 2014az geroztik, isurpen baxuko autobus guztiei esker, 3 milioi litro gasolio kontsumitzea ekidin da.
173 ibilgailuko aldi baterako flota
% 100 elektrikoak diren hamar ibilgailuak hurrengo egunetan sartuko dira flotan, eta aurreikusita dago eguneko zerbitzu osoa ematen aritzea L2 linean (San Ignazio – Etxabakoitz), L3 linean (Zirkularra mendebaldea: hirigunea – Antsoain) eta L21 linean (Zirkularra ekialdea: hirigunea – Antsoain). Sanferminak amaitu arte ez da ibilgailurik kenduko flotatik, eta, beraz, egun batzuetan flotak 173 ibilgailu edukiko ditu. Kopuru hori berrikusi egingo da jaien ondoren. Ibilgailuen aldi baterako batez besteko adina 6,79 urtekoa izango da, jaien ondoren ibilgailu zaharrenen baja egin bitartean.
Aldi baterako flota honen guztizkoan, 64 ibilgailu artikulatuak dira (18 metrokoak), 107 12 metrokoak eta 2 10 metrokoak. Zehaztu behar da ibilgailu berriak flotan sartuta Eskualdeko Hiri Garraioak 66 ibilgailu hibrido dituela, gasolioa eta elektrizitatea erabiltzen dutenak, 26 elektriko eta 19 jatorri berriztagarriko gasak propultsatutakoak, eta, horrenbestez, flotako ibilgailuen % 64 ingurumenari dagokionez eraginkorrak diren ibilgailuak dira.
Hurrengo egunetan, jatorri berriztagarriko bermea duen gas naturala baliatzen duten sei ibilgailu berri sartuko dira flotan (bi artikulatu eta lau zurrun), diesel teknologia daukaten beste sei ibilgailu ordezteko, eta, horrenbestez, ingumenari dagokionez eraginkorra den flota edukitzeko berritzean beste pauso bat emango da.
Gaur goizeko aurkezpenean, EHGaren zerbitzua bide onetik doala nabarmendu da. 2023an, bidaiarien marka historikoa hautsi zen, 42,6 milioirekin. Gainera, zehaztu da aurtengo ekaina bitartean 1,2 milioi bidaiariren gehikuntza erregistratu dela bidaiari kopuruan, aurreko urtean garai honetan zegoen kopuruarekin alderatuta.