BEDERATZI IBILGAILU BERRI, ESKUALDEKO HIRI GARRAIOAREN FLOTARAKO
22/01/2016

BEDERATZI IBILGAILU BERRI, ESKUALDEKO HIRI GARRAIOAREN FLOTARAKO

Ibilgailu berri hauek lanean hasita, egun flotan 140 ibilgailu daude eta haien batez besteko adina 7,3 urtekoa da
 
Gaur goizean, Baluarte plazan egindako ekitaldi batean, Iruñerriko Mankomunitateak bederatzi autobus berri aurkeztu ditu, hemendik aurrera Eskualdeko Hiri Garraioaren flotakoak izango direnak. Aurkezpen ekitaldian, hain zuzen, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, Aritz Ayesa,  eta Moventia taldeko kontseilari delegatua izan dira, Josep María Martí.

Autobus berriak artikulatuak dira, 18 metroko luzera dute, eta 1.269 bidaiari arrunt eta mugikortasun murriztuko 18 lagun sartzeko tokia dute. Ibilgailuak “Urbino 18” modelokoak dira, Solaris etxekoak, diesel motorra dute eta Europar Batasunak ezarritako EURO VI kutsadura mugak betetzen dituzte. Flotako ibilgailu zaharrenak ordezteko erabiliko direnez, flotan 140 ibilgailu izaten jarraituko da. Autobus berri hauetatik bost 4. linean ibiliko dira (Barañain – Atarrabia), eta beste laurak, 18. linean (Zizur Nagusia urbanizazioa – Sarriguren).

Esku hartu duenean, Aritz Ayesak gogora ekarri du sei hilabete eskas joan direla aurreko urteko uztailean EHGaren flotako azken autobus berriak aurkeztu zituztenetik. Horrek esan nahi du, gaur bertan lanean hasiko diren bederatzi autobusak kontuan hartuta, urte erdi eskasean flota osoaren %13 berrituta izango dela. Berritzeak, gainera, berekin ekarriko du flotaren batez besteko adina ia puntu bat jaistea eta 7,3 urtekoa izatea. Eta hori, Ayesaren ustez, datu garrantzitsua da: “Izan ere, flota berritzea zerbitzuaren kalitatean, erosotasunean eta segurtasunean zuzenean eragiten duen faktoreetako bat baita. Eta horiek guztiak lehentasunezko alderdiak eta kontuak dira, bai Iruñerriko Mankomunitaterako, bai TCC enpresa kontzesiodunerako ere”.

Mankomunitateko lehendakariak gaur goizeko aurkezpena baliatu du ahalegin bereziarekin lantzen jarraitu beharreko bi alderdi nabarmentzeko. Lehenik eta behin, erreferentzia egin dio erakunde erkidetuak egindako mugikortasun azterlanari eta iragarri du urtarrilaren 28an Mankomunitateak eta zerbitzuaren barnean dauden 18 udaletako alkateek eta teknikariek bilera bat egingo dutela. Zehazki, Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Plana izango dute aztergai eta eztabaidagai bilera horretan. Bigarrenik, Ayesak nabarmendu nahi izan du ibilgailuetarako gutxiago kutsatzea dakarten teknologia berriak bilatzen eta eskuratzen jarraitzeak duen garrantzia. Eta ildo horretatik, iragarri du uztaila eta iraila artean hamar autobus eskuratuko dituela Mankomunitateak eta haietatik bost ibilgailu hibridoak izango direla.

Hirugarrenik, eta amaitzeko, TCCri eskertu dio –Eskualdeko Hiri Garraioaren enpresa kontzesioduna– bertako langileek egiten duten lana, zerbitzua ahalik eta onena eta herritarrengandik hurbil dagoena izan dadin. Alde horretatik, Mankomunitateko lehendakariak gaineratu du garraioko zerbitzuaren gaineko gogobetetzea aztertzeko azken inkestan 7,7ko balorazioari eutsi zaiola (10etik) eta emaitza hori denak elkarlanean egiten ari diren lan onaren ondorioa dela.

Bere aldetik, Moventia taldeko kontseilari delegatu Josep María Martík adierazi du pozik dagoela bederatzi autobus berri hauek aurkezteagatik. Haren hitzetan, hiru baldintza mota hauek betetzea espero du: bidaiariek egoki erabili ahal izatea, ibilgailuak fidagarriak izatea, eta gidariek euren lana modu seguruan eta erosoan egin ahal izatea. Horrez gain, Martík nabarmendu du Iruñerriko hiri garraioak nazio osoko bost balorazio onenetako bat duela eta horrek berretsi egiten duela egindako lan ona. Bukatzeko, Moventiako kontseilari delegatuak gaineratu du 2015ean %4,1 handitu zela Eskualdeko Hiri Garraioko bidaiarien kopurua, 34 milioiko kopurua gainditu zuela eta, horrenbestez, azken urteetako joera alderantzikatzea lortu zela.

nuevos buses 220116