EMAKUMEENTZAKO ESKAERAREN ARABERAKO GELDIALDIEN PROBA PILOTUA HASI DA EHGAREN GAUEKO ZERBITZUAN
Proba N10 linean egingo da, eta, hasiera batean, hiru hilabetean egongo da martxan, ekainaren 8a arte.
Gaur, martxoak 8, Iruñerriko Mankomunitateak proba pilotu bat jarri du abian Eskualdeko Hiri Garraioko gaueko zerbitzuan, bakarrik edo taldean bidaiatzen duten emakumeentzako eskaeraren araberako tarteko geldialdiak egokitzeko. Proba hori N10 linean (Nafarroako Gorteen kalea – Sarriguren) egingo da, eta hasiera batean hiru hilabetean egongo da martxan, hurrengo ekainaren 8a arte.
Ekimena gaur goizean aurkeztu dute, eta bertan esku hartu dute Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari David Campiónek eta SCPSAko Ingurumen Sentsibilizazioaren arloko buru Carmen Villanuevak.
Eskaeraren araberako tarteko geldialdien helburua da erabiltzaileen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea, genero-ikuspegi batetik. Zehaztu behar da geldialdi horiek soil-soilik autobusetik jaisteko direla, eta emakumeek baino ezin dituztela eskatu eta erabili. Geraleku horiek, beren izaerarengatik, ez dute altzaririk ez eta berariazko seinaleztapenik ere.
Eskaeraren araberako geldialdien funtzionamendua
Eskaeraren araberako geldialdien sistema berria erabiltzeko, emakumeak edo emakume-taldeak autobusera igotzen denean edo, gutxienez, aukeratutako tokia baino bi geraleku lehenago eskatu beharko du tarteko geldialdia, gidariari adierazita jaitsi nahi duen leku zehatza:
• Geldialdia eskatu duen emakumea edo emakume-taldea lehenbiziko lerroetan eseriko da.
• EHGaren zerbitzuan eskuarki erabiltzen diren geralekuetatik, gutxienez, 50 metrotara egongo da jaisteko aukeratutako lekua.
• Gidariak aukeratuko du non gelditu autobusa, bide-segurtasuneko eta herritarren segurtasuneko irizpideak aintzat hartuta. Toki horretan ezin izango da inor igo autobusera.
• Ibilgailutik ateratzeko aurreko atea erabiliko da, mugikortasun murriztuko pertsonen kasuan izan ezik, haiek arrapala erabili ahal izango baitute.
Geralekuen segurtasunaren garrantzia
Proba pilotuak ahalbidetuko du, alde batetik, zerbitzu honen eskaera ebaluatzea, eta, bestetik, zerbitzuaren operatiba egiaztatu eta, beharrezkoa bada, hobetzea. N10 linea aukeratu da proba piloturako eskaera gehien duten gaueko hiru lineetako bat delako, ibiltzen den hirigintza-tipologiarengatik daukan erabilera-potentzialarengatik eta probaren xede den publiko objektiboarengatik.
EHGaren zerbitzuaren erabilera eta harekiko gogobetetasuna ezagutzeko erabiltzaileen artean IMk urtero egiten dituen inkesten arabera, kontsulta egindako emakumeek 10etik 9,2ko kalifikazioa emanda baloratzen dute geralekuen segurtasunaren gaineko garrantzia. Gainera, %10ek uste dute jatorriko eta helmugako geraleku batzuk ez direla oso seguruak. Zerbitzuaren balorazio orokorra 10etik 8tik gorakoa bada ere, Mankomunitateak uste du neurri berri honek nabarmen lagunduko duela emakumeen segurtasuna hobetzen behin autobusetik jaisten direnean. Aintzat hartu behar da emakumeak direla EHGa erabiltzen duen talde ugariena, bidaien %75 eginez, eta haien erdiek ia, %46k, ez dutela ibilgailurik edo gidabaimenik.
N10 lineak (Nafarroako Gorteen kalea – Sarriguren) igandetik ostegunera 23:50 eta 00:10 artean amaitzen du zerbitzua, abiatu den tokiaren arabera. Ostiraletan, 03:50 eta 04:10 artean bukatzen du, eta larunbatetan, 05:50 eta 06:10 artean.
Fase pilotuaren ebaluazioa
IMko Garraio sailak eta TCC enpresak, EHGaren zerbitzuaren emakida duen enpresak, probaren kontrolaren jarraipena egingo dute. Ekainaren 8tik aurrera, behin hiru hilabete igaro direnean martxan jarri denetik, zerbitzuaren eskaera berria aztertuko da, beharrezkoak diren doitzeak egin eta gaueko beste linea batzuetara zabaltzea baloratzeko xedearekin.
Gogoan izango denez, 2020ko EHGaren Planean, gaueko zerbitzuaren asmo handiko berrantolaketa bat jasotzen zen, zerbitzu horren luzera bikoiztuko zuena eta era berezian hartuko zuena kontuan generoko ikuspegia, udal desberdinetako berdintasun-teknikariek egindako azterlan bat abiapuntu hartuta. COVID-19ak eragindako pandemiak, ordea, eragotzi egin zuen udalen eta Nafarroako Gobernuaren ekarpen ekonomikoa nabarmen handitzea ekarriko zuen proiektu hori gauzatzea. Jada onartuta dagoen proiektu hau abian jarri zain, gaur martxan jarriko da N10 gaueko linean eskaeraren araberako geldialdien gaineko proba pilotua.