ESKUALDEKO HIRI GARRAIOAK AZKEN URTEOTAKO GOGOBETETZE-MAILARI EUSTEN DIO.
Iruñerriko Mankomunitateak enkargatutako azken gogobetetze-inkestan lortutako emaitzak 7,6 puntuko –gehieneko balorazioa 10 zen– balorazio orokorra islatzen du zerbitzuaren kalitatean; inkesta joan den azaroan egin zen, eta 2.250 erabiltzailek hartu zuten parte.
Datu horiek egiaztatzen dute Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteak (OCU) berriki argitaratutako ikerketa batean adierazitakoa; izan ere, hartan esaten zen TCC (Grupo Moventis) taldeak kudeatutako Iruñerriko Hiri Garraioa hobekien baloratutakoenetako bat dela herritarren partetik, eta agerian uzten zuen zerbitzuan antzemandako kalitatearen eta erabiltzaileen gogobetetze-mailaren bilakaera positiboa.
Erabiltzaileen profila eta haien erabilera-ohiturak, baita haien gaineko balorazioa ere, hartzen ditu inkestak, eta modu positiboan baloratzen ditu batezbestekoaren gainetik honako alderdi hauek: gidarien adeitasuna bezeroarekiko tratuan, autobusetako garbitasuna eta zaintza, baita puntualtasuna ere.
Autobusen segurtasuna da erabiltzaileek hobekien baloratutako alderdia, eta, halaber, kalifikazio handia ematen diote geralekuetako eta autobusetako irisgarritasunari eta informazioaren argitasunari.
Erabiltzailearen profilari dagokionez, honako hauek dira daturik garrantzitsuenak:
· Inkestatutako pertsonen %75 emakumeak dira; zerbitzua gehien erabiltzen duen adin-tartea 35 eta 49 urte bitartekoa da; eta %56 Iruñean bizi dira.
· Kontsultatutako erabiltzaileen %76k, nahiz eta bidaia autoz edo motorrez egiteko aukera duen –gidari edo bidaiari gisa–, autobusa nahiago du erosotasunagatik eta preziogatik, baita aparkatu beharra ez izateagatik ere.
· %81ek egunero edo ia egunero erabiltzen du autobusa, bereziki lantokira, erosketa-guneetara eta aisia-eremuetara joateko.
· Erabiltzaileen %40ek webgunea erabiltzen du ibilbideak eta ordutegiak kontsultatzeko, eta smartphone bat duten erabiltzaileen %60k ezagutzen du "Tu villavesa" aplikazioa, autobusa geralekuetara iristeko falta den denboraren berri ematen duena denbora errealean.
Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuari buruzko gogobetetze-mailaren inkesta urtero egiten da 2000. urteaz geroztik, eta azkeneko lau ekitaldietan –2011tik– 7,3 puntutik gorako balorazio orokorra eskaini du.