26/06/2023

ESKUALDEKO HIRI GARRAIOAK SENTSIBILIZAZIO-KANPAINA BAT ABIAN JARRI DU, GIZALEGERIK GABEKO JOKABIDEAK ETA ERASOAK PREBENITZEKO

TCC Pamplonak, langileen batzorde batek eta Iruñerriko Mankomunitateak ‘Jar zaitez nire lekuan. Egin dezagun bidaia on!' kanpaina aurkeztu dute.

Eskualdeko Hiri Garraioan egiten diren bidaietan erakutsi beharreko jokabide egokiekiko sentikor bihurtzeko asmoz, TCC Pamplonak, langileen batzorde batek eta Iruñerriko Mankomunitateak ‘Jar zaitez nire lekuan. Egin dezagun bidaia on!' kanpaina aurkeztu dute gaur goizean. Gizalegerik gabeko jokabideak saihesteko eta, hartara, mugikortasuna errazten duten pertsonen egunerokoan laguntzeko sortu da ekimena.

pertxa

 

David Campión Ventura Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, Carlos Elizalde Urriza TCC Pamplonako Marketin eta Komunikazioko zuzendaria eta Laura Molina Azanza langileen batzordeko ordezkaria izan dira aurkezpenean, eta EHGren ordenantzako puntu nagusiak aztertu dituzte, bidaia-esperientzia hobetzen dituztenak, zehazki.

Kanpaina gaur, ekainak 27, hasiko da, sanferminak baino egun batzuk lehenago, eta kontzientziazio-bideo bat hedatzea da bere elementuetako bat, gidarien lana humanizatu nahi duena. Horrez gain, beste ekintza batzuk ere egingo dira kanpainan, hala nola ibilgailuetan esekigailuak jartzea, zeinek ordenantzaren laburpen batzuk erakutsiko baitituzte, atzealdean eta markesinetan publizitatea ipintzea, autobusen barruko megafoniaren bidez mezuak hedatzea eta herritarrei diptikoak ematea, zeinetan Mari Cruz Velasco Sem EHGko gidariaren irudia erakusten baita.

ORDENANTZA
Kanpainaren mezuak hiru ataletan banatu dira: sarbidea, segurtasuna eta jokabide egokiak Eskualdeko Hiri Garraioan.

Ordeu acceso

Sarbidea
Ibilgailuetara sartzeko, autobusa noiz etorriko erne egon eta sartzeko asmoa eskuz adieraztea gomendatzen die kanpainak erabiltzaileei . Gainera, Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzu publikoa arautzen duen ordenantzaren 7. artikuluari jarraituz, gogorarazten da oso garrantzitsua dela geralekura iritsitako ordena errespetatzea, beste edozein establezimendutan egiten den bezala, eta txartela edo ordainbidea aldez aurretik prestatuta izatea, azkarrago sartu ahal izateko.

Ordeu aseguridad

Segurtasuna
Bidaiarien segurtasunari dagokionez, kanpainak hiru puntu garrantzitsu adierazten ditu. Lehenengoa da geralekuan baino ez dela sartu behar autobusera, eta, behin atea itxita, gidariak irteera-maniobrari ekingo diola, atea irekitzeko aukerarik gabe, ordenantzaren 6. artikuluak dioen bezala. Bigarrena, gelditzeko behar besteko denborarekin eskatu behar duela erabiltzaileak, gidariak segurtasunez maniobratu ahal izan dezan. Gainera, kanpainak azpimarratzen du bidaiariek ibilgailuaren hondoraino joan behar dutela, ateak libre uzteko.

Ordeu buenoshabitos

Jokabide egokiak

Azkenik, ekimenak erabiltzaileen joan-etorriak hobetzeko jokabide egoki batzuk sustatzen ditu. Horien artean, erreserbatutako eserlekuak errespetatzeko eta, mugitzeko arazorik ez badute, lagatzeko eskatzen zaie erabiltzaileei. Halaber, hitz egitean tonu egokia erabili behar dela nabarmentzen da, baita, musika entzuten ari bada, entzungailuak erabili behar direla —ordenantzaren 13. artikuluan aipatzen dira biak—. Gainera, kanpainak gogorarazten du 7. artikuluak jasotzen duela ezin dela ez jan, ez edan autobusaren barruan, ibilgailuak garbi egon daitezen.

ERANTZUNA ERASOAK IZANEZ GERO
Kanpainaren helburua mota horretako jokabideen aurrean jarduteko beharrarekiko sentsibilizatzea eta ikusaraztea bada ere, gidariak erasoetatik babesteko neurriak hartzen jarraitzen da, protokoloak hobetuz, ibilgailu guztietan segurtasun-manparak eta bideozaintza-sistema jarriz, poliziekin koordinatuz, eta abar.