ESKUALDEKO HIRI GARRAIOAREN ZERBITZUAN ALDAKETAK IZANGO DIRA URTARRILAREN 2tik AURRERA
Ordutegietan eta ibilbideetan zenbait aldaketa ekarriko dituzten berrikuntzen artean, 25. linea berria nabarmendu behar da, Mutiloarteko guneari zerbitzua emango diona.
13. linea ezabatu egingo da eta 24. linea berriak ordezkatuko du. Zehazki, Landabengo industrialdeko azokara joateko zerbitzua emango du.
Aldaketa horien ondorioz, urtean 445.000 € aurreztuko dira zerbitzuaren kostuetan.
Hurrengo urtarrilaren 2an indarrean sartuko dira prestatu diren aldaketak, eta, hartara, zerbitzua egokitu egingo da eskaeraren bilakaerara, sarea Mutiloarteko etxebizitzen gune berrira zabalduko da eta kostuak murriztu egingo dira. Helburua da, gainera, erabiltzaileei ahalik eta eragozpen txikienak eragitea.
Aldaketa horien arabera, aurreikusita dago 13. linea ezabatzea, bi linea berri sortzea, eta ordutegiak, maiztasunak eta ibilbideak egokitzea.
Bi linea berri.
Aldaketa horiek dakartzaten berrikuntza nagusietako bat 25. linea sortzea da (Merindadeen plaza – Mutiloartea). Horrenbestez, etxebizitzen gune berri horretaraino iritsiko da zerbitzua eta, gainera, geralekuak egongo dira Lezkairuko etxebizitzen multzo berrian. Lanegunetan eta larunbatetan 30 minututik behin ibiliko dira autobusak (igande eta jaiegunetan, berriz, 60 minututik behin), eta zerbitzua Santxiki pasealekuaren 131.eneraino iritsiko da.
Urtarriletik aurrera indarrean sartuko diren aldaketen artean, gainera, 24. linea berria sortzea dago (zirkularra Landabengo azoka). Iruñearen erdialdea (Baiona etorbidea, 30) eta Landabengo industrialdea lotuko ditu, eta joateko bidean Ermitagañako kaletik igaroko da, eta itzultzekoan, Nafarroa etorbidetik. Linea berri honetan, autobusak 25 minututik behin ibiliko dira eguerdiko ordu biak bitartean, irailetik ekainera, azoka egiten den igande guztietan.
24. linea berri hau sortu da Landabengo industrialdean egiten den azokarako zerbitzua ematen jarraitzeko, egun 13. lineak ematen duen zerbitzua (Sanduzelai – Lezkairuko Zaldua) bertan behera geldituko baita urtarrilaren 2an. Izan ere, Sanduzelaitik Landabengo industrialdera doan tartean oso bidaiari gutxi ibiltzen dira (linea osoaren %11) eta azken urte hauetan eskaerak beherantz egin du modu jarraituan (bidaiarien kopuruak %35 egin du behera). Sanduzelaitik abiatuta joan daitekeen gainerako helmugetara –orain arte linea horren bidez joateko aukera zegoen– 7, 8, 9 eta 10. lineen bidez joan ahal izango da, lehen bezala, ez baitute haien ibilbidea aldatuko.
23. lineak emango du (Vianako Printzearen plaza – Olloki) Lezkairuko Zaldura iristeko aukera, 13. linearen beste abiaburua. Zehazki, ibilbidea aldatuko da 23. linea horretan, Eguesibar etorbidetik aurrera, ordura arte 13. lineak ematen zituen aukeretara iritsi ahal izateko, lehen esan den moduan 13. linea bertan behera geldituko baita.
Ibilbideak eta maiztasunak aldatzea.
Planteatu diren gainerako aldaketak ibilbideak eta maiztasunak egokitzeari dagozkio.
Ibilbideekin lotutako aldaketetako bat 23. linean egingo da (Vianako Printzearen plaza – Olloki), une honetatik aurrera desbideratu egingo baitu ibilbidea Eguesibar etorbidean. Fuente de la Teja kalera joango da autobusa, eta hortik Sarrigurengo errepidera, bidaiaren hasiera edo amaiera Lezkairuko Zalduan duten bidaiariei zerbitzua emateko helburuarekin, orain arte 13. linea erabiltzen baitzuten (Sanduzelai – Lezkairuko Zaldua).
Ibilbideekin lotutako beste aldaketa garrantzitsu bat 1. linean egingo da (Unibertsitateak. Zizur Txikirako luzapena). Zehazki, Pio XII.aren etorbidetik joateari utziko dio, beste linea batzuk ere ibiltzen baitira etorbide horretan (2, 4, 15 eta 18. Lineak), eta Fuente del Hierro kaletik joango da, paraleloki eta zuzenago. Aldaketa honek, era berean, Nafarroako Unibertsitatearen eraikin nagusitik gertuago dauden geraleku berriak sortzeko aukera emango du eta lanegunetan autobus bat behar izatea murriztekoa. Aldaketa hau indarrean sartzen denetik aurrera, 1. lineak Rodezno Kondearen plazan bukatuko du ibilbidea larunbat, igande eta jaiegunetan.
Ibilbideekin zerikusia duen beste aldaketetako bat 12. linean egingo da (Ermitagaña – Mendillorri). Hain zuzen, abiaburuetako bat Irunlarrea kalera aldatuko du (48.aren parera), egun Arcadio María Larraona kalean duenetik oso gertu (28.aren parean), azken hori ezabatu egingo baita. Aldaketa honek ez du eragingo tarte honetako erabiltzaileen bidaia denbora luzatzea, ezabatuko den geraleku horrek itzulbidea egitera behartzen baitzituen autobusak eta horrek luzatu egiten baitzuen bidaia denbora. Beste alde batetik, aldaketaren ondorioz, linea honetako zerbitzuan autobus bat gutxiago ibiliko da lanegunetan.
Gainerako aldaketak linea hauetako ordutegiak eta maiztasunak egokitzeari dagozkio:
9. linea (RENFE – Unibertsitate Publikoa). Igande eta jaiegunetan Merindadeen plazan bukatuko du ibilbidea, Unibertsitate Publikoraino iritsi gabe.
14. linea (Udaletxea – Arrotxapea). Igarotzeko maiztasuna aldatu egingo da ardatz nagusian, eta 15 minutukoa izatetik 30 minutukoa izatera igaroko da. Artikarako luzapenean, berriz, 45 minutukoa izatetik 60 minutukoa izatera igaroko da. Maiztasuna aldatuta, autobus bat erabilgarri geldituko da eta zerbitzua egokitu egingo zaio eskaerari. Izan ere, eskaerak nabarmen egin du behera (%40, zehazki), batik bat, Descalzosko igogailua martxan jarri zenetik, toki batetik bestera joateko aukera handia ematen baitie lehen zerbitzu hau erabiltzen zutenei.
17. linea (Mutiloa – Artiberri). Linea honetan 2 minutu aurreratuko da Artiberritik abiatzea, eta geraleku berriak egongo dira Joan Paulo II.aren bidean, Lezkairuko etxebizitzen multzo berrian.
Zerbitzua, eskaera eta kostuak.
Etxebizitzekin lotutako garapen berriei arreta emateko premiak eragin du aldaketa hauek ezartzea –2011-2012 Garraio Planean aurreikusitakoak–, eta bai ematen den zerbitzua optimizatu beharrak ere, sarearen zerbitzua eskaeraren ezaugarri berriei egokitzeko helburuarekin.
Aldaketa hauek izango duten eragin ekonomikoari dagokionez, esan behar da 25. linearen zerbitzu berriaren ustiapen kostua 300.000 euro ingurukoa izango dela urtean eta zerbitzuaren eraginkortasunean egindako hobekuntzek 745.000 euro aurrezteko bidea emango dutela urtean. Horrenbestez, kostuen gutxitze garbia 445.000 eurokoa izango da urtean.