ESKUALDEKO HIRI GARRAIOKO TARIFETAN %50EKO BEHERAPENA APLIKATZEA ONARTU DU IMK
Tarifa berriek heldu den urtarrilaren 1ean hartuko dute indarra, eta 6 hilabeteko indarraldia izango dute
Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzan gaur goizean egin den Ezohiko Batzar Nagusian, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioari 20/2022 Errege Lege-dekretuan, abenduaren 27koan, ezarrita dagoen laguntza zuzena eskatzea onartu dute. Hain zuzen ere, errege lege-dekretu horrek Gobernu Zentralaren %30ko ekarpena jasotzen du, baldin eta toki-erakundeek onartzen badute gutxienez %20ko ekarpen osagarri bat egitea.
Halaber, onartuta gelditu da hasiera batean aldatzea Iruñerriko Hiri Garraioaren X. Plana, 2023koa. Hartara, Planak barne hartzen du 2023ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era billabesako abonuen eta txanpon-tituluen prezioa aldi baterako murriztea: zehazki, %50 murriztea 2022ko prezioen aldean (%53, 2023rako onartu ziren prezioen aldean). Beherapen hori ez zaio aplikatuko, ordea, tiket arruntari, ez eskudirutan ez eta bankuko txartelarekin ordaindutakoari.
Akordio horiek Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari bidaliko zaizkio orain, haien berri izan dezaten eta ekarpenak egin ditzaten 10 eguneko epean. Hartara, emandako epe horretan ez bada ekarpenik aurkezten, edo proposatutako aldaketekin bat badatoz ekarpen horiek, Iruñerriko Hiri Garraioaren X. Plana, 2023koa, aldatzeko hasiera bateko akordioa behin betikoa izatera igaroko da automatikoki, eta, horrenbestez, tarifa berriak finkatu egingo dira.
Gogoan izan behar da %20koa baino zertxobait handiagoa den ekarpen osagarri horrek tarifen beherapen gehigarria dakarrela, 1,93 milioi eurokoa. 1,93 milioi horietatik, 1,25 milioiren dirulaguntza emango du Nafarroako Gobernuak eta 0,68 milioi udalek ordainduko dituzte. Estatuko Gobernuak emango duen %30ak, gainera, 2,43 milioi euroko diru-sarrera gehigarria ekarriko du, eta, hortaz, tarifak beheratzeak, guztira, 4,36 milioi euroko murriztea ekarriko du 2023ko lehen seihilekoan.