16/09/2019

HIRI GARRAIOAN BIDAIATZEAN GIZABIDEZKO JOKAERA HOBETZEKO KANPAINAREN BIGARREN FASEA

Kanpaina, ikasturte berriaren hasiera eta Mugikortasunaren Europako Astearen ospakizuna batera gertatuko dira.

Aste honetan, irailaren 16a eta 22a artean, Eskualdeko Hiri Garraioa erabiltzean gizabidezko jokaera hobetzeko komunikazio-kanpainaren bigarren fasea gauzatuko du Iruñerriko Mankomunitateak.

Gogoan izango denez, joan den ekainean, IMk informazio-kanpaina bat egin zuen, billabesetan arduraz eta errespetuz jokatzearen garrantziari buruzko gogoeta egitera bultzatzeko.

Gaurtik aurrera, astelehena, kanpainaren bigarren faseak lehentasunezko hartzaile moduan gazteak izango ditu, eta zabalkundea emateko jarduerak egingo dira unibertsitateetan eta ikastetxeetan, bai orokorretan eta bai Lanbide Heziketakoetan ere. Hain zuzen, kanpaina, ikasturte berriaren hasiera eta Mugikortasunaren Europako Astearen ospakizuna batera gertatuko dira.

BILLABESAZ BIDAIATZEKO OINARRIZKO GOMENDIOAK
Nolabaiteko maiztasunarekin, hiri-autobusa erabiltzen duten zenbait pertsonak nahi ez diren jokaerak izaten dituzte behin eta berriz, eta horrek zailtasunak ekartzen ditu bizikidetzan eta kalte egiten dio zerbitzuaz hautematen den kalitateari. Hori dela-eta, kanpainaren xedea da herritarrei informazioa eta orientazioa helaraztea, billabesaz bidaiatzeko oinarrizko gomendio batzuk emanez. Hartara, oso errazak diren keinuekin, autobus-bidaia zerbitzuko erabiltzaile guztientzat lekualdatze erosoagoa eta funtzionalagoa izan dadila lor dezakegu.

Gaur goizean aurkeztutako kanpainak ongi bidaiatzeko hamar moduri heltzen die:

1- Igo behar baduzu, egin ezazu beti geralekuan.
2- Ahots-tonu egokian hitz egiten baduzu, ez diezu eragotziko gainerakoei.
3- Errespetatu autobus-geralekura iritsi zareteneko ordena.
4- Utzi motxila lurrean, gainerako bidaiarientzat leku gehiago egoteko.
5- Errespetatu eserleku erreserbatuak eta utzi tokia haurdunei, adineko pertsonei edo mugikortasun-arazoak dituztenei.
6- Jarri haurren kotxeak haietarako erreserbatutako lekuan.
7- Ongi esertzen bagara, eserleku gehiago egongo da erabilgarri.
8- Saihestu autobusean jatea edo edatea.
9- Joan autobusaren atzealdera, ahal bada.
10- Musika entzuten baduzu, doitu bolumena.

INTERES BEREZIKO ZENBAIT GOMENDIO
Igo behar baduzu, egin ezazu beti geralekuan. Geraleku batean gelditu eta gero, autobusak ateak itxi dituenean eta ibiltzen hasten denean, ezin du atea berriro zabaldu une horretan iritsi den bidaiari bati sartzen uzteko. Hori hala dago jasota ordenantzan eta segurtasun-arrazoiengatik egiten da. Horrenbestez, garrantzitsua da nabarmentzea ez dagoela gidarien borondatearen mende eta bidaiaren segurtasuna bermatzeko bete behar duten araua dela.

Joan autobusaren atzealdera, ahal bada. Autobusean sartzen garenean garrantzitsua da ibilgailuaren atzealderaino joatea. Izan ere, ohikoa izaten da zenbait billabesatan sartzea zaila izatea, nahiz eta atzealdean lekua libre egon.

Errespetatu autobus-geralekura iritsi zareteneko ordena. Geralekura iritsi gareneko ordena gordetzea komeni da autobusera igotzen garenean. Horrek ekiditen du bidaiariak pilatzea sartzeko atearen inguruan, eta beren adinarengatik edo egoera fisikoarengatik ahul edo zaurgarrienak diren pertsonei segurtasunez sartzeko modua ematen die.

KANPAINA, KANAL DESBERDINEN BIDEZ
Irratiko mezuen bidez, markesinetan, autobusetan, Mankomunitatearen webgunean (www.mcp.es) eta sareetan egingo da kanpainaren zabalkundea. Gainera, eskupaperak banatuko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Nafarroako Unibertsitatean, Lanbide Heziketako 20 ikastetxetan eta gaztediaren 15 etxetan.