HIRI GARRAIOAREN ORDUTEGIAK SANFERMINETAN
05/07/2024

HIRI GARRAIOAREN ORDUTEGIAK SANFERMINETAN

Zenbait lineak beren ibilbideak aldatuko dituzte su artifizialek eta Foruen plazako kontzertuek iraun bitartean

ORDUTEGIAK

Hiriguneko geralekuen kokapena

Su artifizialak | Foruen plazako kontzertuak 

Eskuragarri daude jada Eskualdeko Hiri Garraioak hurrengo sanferminetan izango dituen ordutegiak, maiztasunak eta ibilbideak. Jakina denez, garraio-zerbitzuak eraldaketa handia izaten du hiriburuko jaiak iristen direnean, batetik, Alde Zaharretik gertuen dauden bideetarako sarbideetan zirkulazioa murriztu egiten delako, eta, bestetik, egun horietan erabiltzen duten bidaiariak ugari izaten direlako. Hartara, jaiek gehien ukitzen dituzten lineen artean daude eskuarki Iruñerriaren iparraldetik hegoaldera ibiltzen direnak –haien ibilbidea bitan zatitu behar izaten da– eta hiriburuaren Alde Zaharraren inguruetan ibiltzen direnak.

Aurreko urteetan bezala, linea gehienek (denak, L7, L19 eta azoka-barrutirako linea izan ezik) eguneko 24 orduetan emango dute zerbitzua etengabe.

Aldaketak, su artifizialek eta Foruen plazako kontzertuek iraun bitartean
Uztailaren 6a eta 14a artean su artifizialek eta Foruen plazako kontzertuek iraun bitartean egingo diren zirkulazio-etenaldien ondorioz gertatuko da EHGaren zerbitzuko gorabehera nabarmenena. Izan ere, etenaldi horiek direla-eta, EHGko zenbait lineak beren ibilbideak aldatu beharko dituzte:

  • Su artifizialek iraun bitartean (22:30etik 23:30era) zirkulaziorako itxiko dira Armada etorbidea, Bake plaza, Yanguas y Miranda kalea, Oliveto Kondearen etorbidea, Zaragozako etorbidea (Vianako Printzearen plaza – Foruen plaza zatia) eta Foruen plaza, eta bai sarbide guztiak ere. Gorabehera honek ibilbideari eragingo dio linea hauetan: 1, 2, 4, 8, 9, 10, 11S, 12, 15, 16s, 18 eta 23. Planoa lotura honetan kontsultatu daiteke.
  • Foruen plazako kontzertuek iraun bitartean (23:30etik 02:30era gutxi gorabehera) plazaren sarbide guztiak zirkulaziorako itxiko dira, eta horrek ibilbideari eragingo dio linea hauetan: 1, 2, 11s, 16s eta 23. Planoa lotura honetan kontsultatu daiteke.
    Egun eta ordutegi horietan EHGak izango dituen aldaketak eta hiriaren erdiguneko geralekuetan egokitutako aukerak zehazki jakiteko, ukitutako geralekuen zutoin eta markesinetan eta Hiri Garraioaren webguneko (www.infotuc.es) lotura honetan dagoen informazioa kontsultatu ahal izango da.

Uztailaren 5eko aldaketak eguneko eta gaueko zerbitzuan
Uztailaren 5ean ere, ostirala, aldaketak izango ditu EHGaren linea batzuetako zerbitzuak. Hala, 4., 9. eta 12. lineak Armada etorbidetik desbideratuko dira egun horretan Donibane – Iturrama hiriaren erdigunera noranzkoan. Gainera, uztailaren 5etik 6rako gauean, gaueko zerbitzua ostiral bateko ohiko zerbitzua izango da eta bidean egongo diren hainbat etenaldik aldarazi egingo dute zerbitzu hori, eta horrek linea guztiei eragingo die.

Gaueko L11s linearen ibilbide berria
San Fermin jaietan, gaueko 11s lineak ibilbidea luzatuko du Galaria merkataritza-zentroraino. Aurreko urteetan Sadar kaleraino besterik ez zen iristen, Iruñeko Orfeoiaren parkearen ondoan.

23. linea aireportura luzatzea
Uztailaren 6a eta 14a artean, Noaingo aireporturako eskaerapeko taxi-zerbitzua bertan behera geldituko da eta haren ordez Eskualdeko Hiri Garraioko L23 linearen ‘Aireportua – Cordovilla – Olloki’ luzapena egongo da martxan. Hain zuzen, aireportu horretaraino iritsiko da, ordu bateko maiztasunarekin.

Urteko gainerako egunetan aireportura joateko, eskaerapeko taxi-zerbitzuak geraleku bakarra dauka, Sarasate pasealekuan dagoena. Sanferminetan L23 linearen luzapen berria erabiltzeko, geraleku hurbilena izango da Zaragozako etorbidearen 6-8an dagoena. Aireportutik itzultzeko bidaian, aldiz, hirigunetik gertuen dagoen geralekua Vianako Printzearen plazaren 2-3an dagoena izango da.

Baliogabetutako taxi-geralekuak
Uztailaren 6tik 14ra, bi egun horiek barne, Sarasate pasealekuaren 1eko eta Ahumada Dukearen kalearen z/g-ko taxi-geralekuak baliogabetuta egongo dira. Haien ordez, behin-behineko geralekua egokituko da San Ignazio etorbidearen 5-7an.

Informazioa euskarri desberdinetan
Hiri Garraioaren webgunean (www.infotuc.es) ez ezik, Eskualdeko Hiri Garraioaren sanferminetako zerbitzuari buruzko informazioa zutoin eta markesinetan ere kontsultatu ahal izango da, eta bai tokiko egunkarien bidez banatuko den informazio-triptiko batean ere.

Beste alde batetik, Iruñerriko hotel guztietan banatuko diren eskupaperak editatu dira eta 25.000 triptiko, Iruñearen erdigunean EHGak dituen geraleku guztiei buruzko informazioarekin. Iruñeko Udalaren Herritarren Segurtasuneko Alorrak banatuko ditu, babes zibilerako laguntzaileen bidez (“naranjito” esan ohi zaie).