IRAILAREN 1EAN, OSTIRALA, NEGUKO ORDUTEGIA ITZULIKO DA ESKUALDEKO HIRI GARRAIORA
Aldaketak egingo dira L19, L20 eta N10 lineetan, Erripagañarako garraio-eskaintza hobetzeko
Irailaren 1etik aurrera, ostirala, Eskualdeko Hiri Garraioan neguko ordutegia hasiko da. Hartara, udaren ondoren eta Iruñerrian ikasturte akademikoa hastearekin batera, eskaeraren ezaugarri berrietara egokituko da zerbitzua. Gainera, neguko zerbitzura itzultzeak zenbait nobedade ekarriko ditu berekin:
Erripagañarako zerbitzua hobetzea
Hainbat aldaketa egingo dira L19, L20 eta N10 lineetan, Erripagañarako garraio-eskaintza hobetzeko. Zehazki, aldaketak hauek izango dira:
- L19 (Erripagaña-Barañain): beste geraleku bat egokituko da Amsterdam kalean (Erroma kalearekin duen bidegurutzean), Uhartetik gertuago dagoen auzoaren zati horri zerbitzua emateko. Horrez gain, geraleku hori L19 linearen buru berria izatera igaroko da.
- L20 (Vianako Printzearen plaza – Gorraitz): auzoan egiten duen ibilbidea luzatuko da, Madril eta Atenas kaleetan ibiliz, eta haietan gelditu egingo da linea hau.
- N10 (Nafarroako Gorteen kalea – Sarriguren): ibilbidea aldatuko du eta Madril eta Atenas kaleetan eta Erripagañako etorbidean sartuko da, haietan guztietan geldituz. Horrez gain, linearen maiztasuna hobetuko da: egungo 40 minutuetatik 30 minutuetara igaroko da asteko egun guztietan.
L20 eta N10 lineek Erripagañan izango duten ibilbide berriak berekin ekarriko du Sarrigurengo errepideko geralekuetan (bat noranzko bakoitzean) zerbitzua emateari uztea, Erripagañako biribilgunearen parean. Dena den, L18 eta L23 lineek zerbitzua ematen jarraituko dute geraleku horietan.
Erripagaña auzorako zerbitzua hobetzea Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiak maiatzaren 25ean onartu zuen mozio baten ondorioa da. Halaber, zehaztu behar da aldaketa hauek behin-behineko konponbidea direla, auzoaren beharretara egokitutako behin betiko zerbitzua definitu bitartekoa.
Geraleku berriak Sanduzelaiko etorbidean
Bi geraleku sartuko dira sarean –bat noranzko bakoitzean–, Sanduzelai auzoaren mendebaldeari zerbitzua emate aldera. Ikastetxeetatik hurbil egongo dira, eta L10 (Belosogoiti – Orkoien), L24 (Zirkularra, azoka) eta N9 (Sarasate pasealekua – Orkoien) lineek emango diete zerbitzua.
Geraleku berria egongo da Ezkaban (Kanalea kalea) L11 linearako, erdiguneranzko noranzkoan.
Buru-geraleku bat gehituko da L11 linean (Ezkaba – Sario eraikina) Kanalea kalean, Ezkabako Nabaskoze Almiradioaren plazaren parean. Linea hau hegoalderanzko noranzkoan erabiltzen duten erabiltzaileak hartzeko balioko du (Sario / Mutiloako industrialdea / Galaria merkataritza-gunea).
Geralekuen aldaketa L3, L5, L6 eta L11 lineetan Labriteko aldapan
Arrazoi operatiboengatik, Labriteko aldapan L5 eta L11 lineek dituzten geralekuak L3 eta L6 dituztenekin trukatuko dira. Aldaketak billabesen maniobrak hobetuko ditu, eta erabiltzaileentzako kaltea minimoa izango da, bi markesina horiek elkarren aldamenean baitaude.
L25 linearen ordutegiak aldatzea igande eta jaiegunetan
L25 linearen (Vianako Printzearen plaza – Mutiloa) ordutegiak aldatuko dira igande eta jaiegunetan, L17 linearen (Berriozar – Mutiloa) ordutegiekin koordinatzeko eta, hartara, Mutiloako, Lezkairuko eta Bigarren Zabalguneko eskaintza hobetzeko.
Ohikoa den moduan, ordutegiak eta maiztasunak sareko zutoin eta markesinetan kontsultatu ahal izango dira, Eskualdeko Hiri Garraioaren webgunean, www.infotuc.es, eta bai “Tu Villavesa” mugikorretarako aplikazioan ere.