IRAILAREN 1ETIK AURRERA, IGANDEA, 23. LINEAK ZERBITZUA EMANGO DU CORDOVILLARA
Era berean, heldu den igandean neguko ordutegia hasiko da EHGan
Irailaren 1etik aurrera, igandea, Eskualdeko Hiri Garraioko 5. linearen luzapenak Cordovillarako zerbitzua emateari utziko dio eta 23. lineak egingo du, ibilbidea aldatu eta luzatuko baitu herri horretara iritsi ahal izateko.
23. lineak orain arte “Vianako Printzearen plaza – Olloki” izena zuen, eta hemendik aurrera “Cordovilla – Olloki” izango da. Aldaketa hauek eginda 23. linean, Cordovillak lotura hobea izango du Iturrama auzoarekin, hirigunearekin eta Iruñeko zabalgunearekin, eta bai Nafarroa Behereko etorbidea Sarriguren eta Itaroa merkataritza-industrialdeekin lotzen dituen ardatzarekin ere. Cordovillako erabiltzaileek, ordea, linea-aldaketarik gabeko konexioa galduko dute Txantrearekin eta Orvina 3rekin.
L23 Cordovillara iristearekin, herri horretarako maiztasunak mantendu egingo dira lanegunetan (60 minuturo) eta murriztu egingo dira, ordea, larunbat eta jaiegunetan, 60 minutukoa izatetik 90 minutukoa izatera igarota. Adierazi behar da, gainera, ordutegiak aldatu egingo direla 5. lineak zituenekiko. Hartara, lanegunetan, 14 minutu aurreratuko dira Cordovillatik abiatzen diren bidaiak, eta jaiegunetan, maiztasunak aldatzean, aldatu egingo dira Cordovillatik abiatzeko ordutegiak.
Ordutegien aldaketa 5. linean
5. lineako erabiltzaileek aldaketak izango dituzte ordutegietan Orvina multzorainoko ibilbideko gainerako zatian, Cordovillarako luzapena martxan jarri aurretik zeudenak berreskuratuko baitira. Lanegunetan, Nafarroako Unibertsitatea – Orvina 3 noranzkoan, lehenagoko ordutegiak itzuli eta irteerak 5 minutu atzeratuko dira. Asteburu eta jaiegunetan, Nafarroako Unibertsitatea – Orvina 3 noranzkoan, lehenagoko ordutegiak itzuli eta irteerak 10 minutu aurreratuko dira. Kontrako noranzkoan (Orvina 3 – Nafarroako Unibertsitatea), berriz, ez da aldaketarik izango ez lanegunetan ez eta jaiegunetan ere.
Aldaketak eta ordutegi-aldaketak 23. linean
Igandetik aurrera, lehen Vianako Printzearen plazan amaitzen zen eta orain Cordovillaraino iritsiko den ibilbidea luzatuko du 23. lineak. Zehazki, Iturramatik eta Nafarroako Unibertsitatetik (Mendaur Ikastetxe Nagusia) igaroko da.
Halaber, 23. lineak zerbitzua emango du Sarrigurengo merkataritza- eta zerbitzu-industrialdera. 23. linearen ibilbidea aldatzean, Berrikuntzaren Hiriko biribilguneko bi geralekuak baliogabetuko dira (joateko eta itzultzeko noranzkoan) eta bi geraleku jarriko dira Sarrigurengo Olatz etorbidean (salestarren ikastetxearen ondoan bata eta geraleku horren parean bestea).
Adierazi behar da 23. linearen ordutegiak aldatu egingo direla. Lanegunetan, Ollokitik abiatzen diren bidaiak 5 minutu atzeratuko dira. Asteburuetan, Vianako Printzearen plazatik ateratzen direnek ordutegiak aldatuko dituzte, maiztasunak aldatzean.
Aldaketei buruzko informazioa
5. eta 23. lineen aldaketen gaineko informazioa ukitutako lineen zutoin eta markesinetan egongo da ikusgai, eta bai Eskualdeko Hiri Garraioaren webgunean ere: www.infotuc.es.
Aste honetan, Iruñerriko Mankomunitateak 23. lineari buruzko informazio zehatza duen triptiko bat bidaliko du Cordovillako etxebizitza guztietara, eta, gainera, linea horretako billabesen barnean banatuko du.
Era berean, Sarrigurendik eta Cordovillatik hurbil dauden sei ikastetxeetara bidaliko da informazioa, eta kartelak jarriko dira ukitutako udalen eraikin publikoetan.
Neguko ordutegia
Bestalde, nabarmendu behar da irailaren 1ean, igandea, Eskualdeko Hiri Garraioa neguko ordutegira itzuliko dela. Hartara, udaren ondoren eta Iruñerrian ikasturte akademikoa hastearekin batera, eskaeraren ezaugarri berrietara egokituko da zerbitzua.
Zerbitzuari buruzko informazioa sareko zutoin eta markesinetan dago, eta bai Eskualdeko Hiri Garraioaren webgunean ere: www.infotuc.es.