09/10/2024

JATORRI BERRIZTAGARRIKO GASAK PROPULTSATUTAKO SEI BILLABESA BERRI SARTU DIRA ESKUALDEKO HIRI GARRAIOAREN FLOTAN

Gasolioa erabiltzen duen motorra daukaten autobusak progresiboki ordezten jarraitzen du Mankomunitateak

Eskualdeko Hiri Garraioak sei autobus hibrido berri sartu ditu gaur bere flotan, gasa eta elektrizitatea baliatzen dituzten motorrak dituztenak, eta jatorri berriztagarriko bermea duen gas natural konprimatuak higiarazten dituenak. Autobus horiek, hain zuzen, Eskualdeko Hiri Garraioaren garajeetan billabesen flota gas naturalez hornitzeko dagoen gas-hornitegiaren instalazioa baliatuko dute.

Billabesa berri horiek aurkezteko ekitaldia EHGaren garajeetan bertan egin da, eta hauek egon dira bertan: Nafarroako Gobernuko Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren zuzendari nagusia, Berta Miranda, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria, David Campión, eta Moventis Taldeko zuzendari nagusia, Juan Jiménez.

Presentacin 24 gas1

Gasolioa erabiltzen duten ibilgailuak ordeztea
Gaur aurkeztu diren sei autobus horiek Man etxekoak dira. Bi autobus Lion’s City 19G Efficient Hybrid modelokoak dira, 18 metroko luzera dute eta 180 plaza (haietako 35 eserita joateko); eta beste laurak Lion’s City 12G Efficient Hybrid modelokoak dira, 12 metroko luzera dute eta 111 plaza (haietako 23 eserita joateko). Gogora ekarri behar da 2022ko uztailean gas natural konprimatua erabiltzen duten lehen 13 ibilgailuak sartu zirela flotan, 2021ean IMk EHGan gutxiago kutsatzen duten energiak erabiltzeko II. plana onartu zuenetik, kutsatzen duten autobusak progresiboki ordezten joateko. Gero, 2023ko uztailean, ezaugarri berberak dituzten beste sei ibilgailu sartu ziren flotan. Ondorioz, IM ez da sartzen ari flotan gasolio bidezko autobus gehiagorik eta Hiri Garraioaren flotan erregai hori erabiltzeari uzten ari zaio progresiboki. Aipatu behar da gasolioa izan zela billabesak higiarazteko etengabe erabili zen erregaia zerbitzu hau 1929an abian jarri zenetik, duela 90 urte baino gehiago.

Gasolioa erabiltzeari uzteak eta jatorri berriztagarriko gasak mugiarazitako autobus berriak sartzeak flotan helburu bikoitza du: alde batetik, billabesa berriak “ibilgailu garbiak” dira, hiriko airearen kalitateari kalterik egiten ez diotenak, Iruñeko Isurpen Baxuko Eremuaren mugaketari aurrea hartuta; eta, bestetik, “neutroak dira karbonoari dagokionez”, jatorri berriztagarriko bermea duen gasa erabiltzean sarean injektatutako biometano-bolumenaren berdina den erregai baliokidea kontsumitzen baita. Pauso garrantzitsu hau emanda, ‘2030ean karbonoari dagokionez neutroa’ izateko duen helburu orokorrerantz doa Mankomunitatea; zehazki, autobusetako erregai gisa jatorri berriztagarriko gasa erabiltzen duen Estatuko lehen toki-erakundea izanda.

2014an bere zerbitzuen karbono-aztarna neurtzen eta zertifikatzen hasi zenetik Mankomunitatea, aztarna horrek Eskualdeko Hiri Garraioan duen inpaktua % 20,2 gutxitu da 2023. urtea bitartean (14.291,4 tCO2baliokidetik 11.400,9 tCO2baliokidera), nahiz eta flota % 14,4 handitu den (20 autobus) aldi horretan bertan eta urtean egiten diren kilometroen kopurua 333.000 baino gehiago (% 4,4).

Ekonomia zirkularra. Hiri-hondakinek autobusak mugiaraziko dituzte
Gainera, hurrengo urteetan, Mankomunitateak bere biometanoa sortuko du, bai Arazuriko lohietatik abiatuta, bai eta Imarkoaingo Ingurumen Zentro berrian hiri-hondakinetako gai organikoen tratamendutik abiatuta ere. Proiektu hau tokiko mailako ekonomia zirkularreko politiken barnean dago, Iruñerriko hondakinetan jatorria duen biometano hori Mankomunitatearen ibilgailu astunen flotetarako erregaia izan dadin: EHGko autobusak, zaborrak biltzeko kamioiak eta Uraren Ziklo Integraleko mantentze-lanetarako ibilgailuak.

Behin proiektu hau amaitu denean, hondakin organiko guztiak autobusen eta hondakinen kamioien flotak mugiarazteko oinarri energetikoa izango dira, nekazaritzako helburuetarako konposta egin aurretik.

Presentacin 24 gas2

Gasez hornitzeko instalazioa
2022an, garajeen kanpoaldeko zelaian gas-hornitegiaren instalazioa kokatu zen, gas natural konprimatuak higiarazitako autobus berriak hornitzeko bidea ematen duena.
Sistemak Nedgiaren saretik lortzen du gasa eta presioa egonkortzen du, konpresoreen bidez 250 barretaraino igoarazi aurretik. Gero, gasa metatze-gune batera banatzen da. Autobusen karga presio-diferentziagatik egiten da. Gasez hornitzeko bi puntu daude: bata depositua betetzeko gunean dago, kanpoaldeko zelaian; eta beste gas-hornigailua autobusak aparkatzeko nabearen sarreraren ondoan dago. Konpresoreak eta laguntza-zerbitzuak elikatzeko transformazio elektrikoko zentro berria ere egin zen, 1.000 kVA-koa. Zentro horrek linea gehigarri bat du, azken bi urteetan flotan sartu diren ibilgailu elektrikoen kargagailuak kokatzeko.

Gasak higiarazitako autobus berriak
Gaur aurkeztutako bi autobus artikulatu berriek 235 kW-eko motorrak (320 CV) dauzkate, eta lau autobus zurrunek, 206 kW-eko motorrak (280 CV). Denek airea arazteko ekipoak dituzte eta segurtasuneko bideokamerak. Ibilgailu berri horiek, gainera, gurpil-aulkiak igotzeko eta jaisteko arrapala bikoitz egokia dute (eskuzkoa + elektrikoa), CERMIN batzordeak egiaztatua.
Ibilgailu hauen erosketa 2022ko irailean esleitu zen. Autobus artikulatu bakoitzak 445.000,00 euroko kostua izan du (BEZik gabe), eta autobus zurrun bakoitzak, 342.500 eurokoa (BEZik gabe), eta, hortaz, ibilgailu guztien kostua 2.260.000,00 eurokoa izan da (BEZik gabe).

163 ibilgailuko flota, 6 urteko batez besteko adinarekin
Ibilgailu berri hauek sartu dira jada flotan eta hurrengo egunetan sei zaharrenak kenduko dira. Hortaz, EHGaren flotak 163 ibilgailu izaten jarraituko du, eta haien batez besteko adina 6 urtekoa izango da. Flota osoan, 63 ibilgailu artikulatuak dira (18 metrokoak), 98 12 metrokoak eta 2 10 metrokoak. Bestalde, aipatu behar da ibilgailu berri hauek Eskualdeko Hiri Garraioan sartuta 66 ibilgailu hibridoak direla, 26 elektrikoak eta 25 jatorri berriztagarriko gasak propultsatutakoak, eta, horrenbestez, flotako ibilgailuen % 72 ingurumenari dagokionez eraginkorrak diren ibilgailuak dira.