28/05/2018

KALTE ZEREBRALARI BURUZKO PROIEKTU BATEK ETA ELA GAITZARI BURUZKO BATEK 3.000 EURO JASO DITUZTE GUZTIRA TCC IRUÑEKO ‘TEAMING’ EKIMENETIK.

Kalte Zerebralaren Nafarroako Elkarteak (ADACEN) eta ADELA Nafarroak (alboko esklerosi amiotrofikoa dutenak eta beren senideak biltzen ditu) 1.500na euro jasoko dituzte.

Nominatik kendutako euro bateko mikro-dohaintzen bidez laguntzen dute TCC-ko langileek. Enpresak, bere aldetik, beste euro bat ematen du ekimenean parte hartzen duen langile bakoitzeko.

TCC Iruñeko ‘Teaming’ ekimenaren taldeak, berriro ere, 3.000 euro bildu ditu, eta osasunaren arloko bi proiektu solidariori laguntzeko bideratuko ditu. Ia 220 langilek, hots, enpresako langileen erdiak baino gehiagok, beren nominetatik emandako euro bateko dohaintzen bidez lortu da kopuru hori. TCC Iruñeak, bere aldetik, beste euro bat ematen du ekimenean parte hartzen duen langile bakoitzeko.

Foto grupo

Bildutako 3.000 euroetatik, 1.500 euro ADACEN elkarteari eman dizkiote; kalte zerebrala hartu duten pertsonak eta beren senideak artatzen ditu elkarteak, hartutako kalte zerebrala (HKZ) duten pertsonen errehabilitazioa, autonomia eta integrazioa landuz.

1.500 euroak, zehazki, ‘Biziberritzea: hartutako kalte zerebrala duten gazteak bizitza berreskuratzen Adacenen’ proiektura bideratuko dira; hartutako kalte zerebrala (zirkulazio-istripuen ondorioz normalean) duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago proiektua. Gizarte- eta lan-integrazioa lortu nahi du, baita helduarora iristeko laguntza eman ere. Halaxe esan dute bideo batean Uxua Purroy gizarte-langileak eta Leyre Tirado neuropsikologoak, ADACENen. 1994an sortu zen ADACEN, eta 928 bazkide, 42 langile eta 61 boluntario ditu.

TCC Iruñeko ‘Teaming’ ekimenaren taldeak emandako beste 1.500 euroak ADELA Nafarroa elkartera bideratu dira; alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA) dutenei eta beren senideei laguntzen die elkarteak. Montxo Iriarte elkarteko kideak gaur goizen proiektatutako bideoan esan duenez, ADELAren urteko aurrekontuaren % 5 da emandako zenbatekoa. “Oso laguntza garrantzitsua da guretzat. Eskerrak eman nahi dizkiegu bai enpresari, bai TCC-ko langileei”, gehitu du.

ADELA Nafarroak gaitzari buruzko proiektuak koordinatzen ditu, eta orain dela bi urte lortu zuen Navarra Biomed-ek ikerketa-ildo bat zabaltzea Nafarroako Ospitalegunean. Elkarteak 28 bazkide ditu Nafarroan, eta haietako 14 gaixotasunak jota daude.

Ez dakigu zerk eragiten duen gaitza, baina oso gaitz krudela da AEA, erabateko mendekotasun-egoeran uzten baitu eria hilabete bakar batzuetan. Bizi-itxaropena laburra da: bost urte diagnosia jasotzen denetik, batez beste.

Elkartasunez beteriko 9.000 euro.

ADACEN zein ADELA elkarteei emandako 1.500nako ekarpenen bidez, Iruñeko TCC-ko ‘Teaming’ ekimen solidarioak 9.000 euro eman ditu jada. Síndrome de Dravet fundazioa izan zen lehena halako laguntzak jasotzen, 1.500 euro jaso baitzituen 2017ko otsailean; izan ere, huraxe izan zen TCC-ko langile parte-hartzaileek boto gehien emandako proiektua. Hortik hainbat hilabetetara, Iruñeko TCC-ko ‘Teaming’ ekimenak 1.500 euroko beste txeke bat eman zion Eunate elkarteari, eta, 2018ko otsailean, ‘Ayudamos a Nerea-Nereari laguntzen’ ekimenak eta ADHI elkarteak (arreta-falta, hiperaktibitatea eta inpultsibotasuna tratatu eta ikertzea du helburu) jaso zuten laguntza.

Iruñeko TCC-ko ‘Teaming’ ekimenak aurrera darrai

Gogoratu behar da Iruñeko TCC-ko langileek berek aurkeztu zituzten hainbat proiektu 2016 eta 2017an, osasunaren esparruari lotuta guztiak. Haien guztien arteko bozketa eginik, handienetik txikienera bitarteko ordena bat ezarri zen, eta, beraz, lehen bildutako 1.500 euroak lehen proiektura bideratu ziren, hurrengo 1.500 euroak bigarren proiektura, eta horrela hurrenez hurren. 1.500 euroak 2016an eta 2017an proiektu bozkatuenei eman ondoren, Iruñeko TCC-ko ‘Teaming’ ekimenak ekainean zabalduko du 2018ko hautagaitzak aurkezteko epea.

Teaming ekimen sozialaren bidez, euro bateko mikro-dohaintzak biltzen dira nominaren bitartez gizarte-proiektu bati laguntzeko; urtero aukeratzen da proiektu berri bat enpresa osatzen duten pertsona guztiek botoa emanda. Gainera, enpresak beste euro bat ematen du ekimen horrekin modu boluntarioan bat egiten duen langile bakoitzeko.

pulgares