15/10/2015

KULTURBUS SORTU DA, KULTURA ETA HIRI GARRAIOA BATZEN DITUEN EKIMENA

Astelehenetik ostiralera sustapen jarduerak egingo dira lau kulturguneak lotzen dituen autobusean

Gaur goizean KulturBus ekimena aurkeztu dute Iruñean. Nafarroako Fundazioen Elkarteak sustatu du eta Eskualdeko Hiri Garraioko 4H linearen erabiltzaileei kultura hurbiltzea helburu du. Izan ere, linea horren ibilbidean Barañain Auditorioa, Baluarte Batzar Jauregi eta Nafarroako Auditoriuma, Gayarre Antzokia eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroa daude, eta KulturBus izenekoa lau gune horietako programazioak zabaltzeko bidea bihurtuko da.

Zehazki, proiektu honen xedea da artearekiko eta kulturarekiko interes handiagoa piztea, herritarren eta kulturguneen arteko harremana sustatzea, artista nafar gazteei bultzada ematea, eta mugikortasun kolektibo eta iraunkorra bultzatzea.

Ekimena aurkezteko ekitaldian Aritz Ayesa Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak, Maider Beloki Iruñeko Udaleko Kultura, Hizkuntza Politika, Hezkuntza eta Kirol zinegotziak eta Mikel Artxanko Nafarroako Fundazioen Elkarteko lehendakariak esku hartu dute.

Aritz Ayesak hitz egin duenean azaldu du hilabetero, gaurtik hasi eta abenduaren 31 arte, “linea horretako bidaiariek, ibilgailuen barnean kokatuko diren informazio esekigailu edo pertxa batzuen bidez, gune horietako programazioa” aurkituko dutela eta “hori guztia erabiltzaile gehien lekualdatzen duen linean” egingo dela, “urtean zazpi milioi bidaia baino gehiago” egiten baitira bertan.

Beste alde batetik, Maider Belokik nabarmendu du, linea fisikoaz gain, “proiektu honetan beste balio edo irudizko linea batzuk” daudela eta “hiru geraleku” dituztela. Izan ere, erreferentzia egin dio garraiobide iraunkor bat erabiltzeari kulturguneak batzeko, kulturaren sektorean ekimenei heltzeko ahaleginak batzeari eta kultura herritarren artean sustatzeko ekimen honek duen izaera berritzaileari.

Amaitzeko, Mikel Artxankok gehitu du KurturBus ekimena agertoki “dinamikoa” izango dela, tokian tokiko artistak, gazteak eta goraka doazenak sustatuko dituena. Nafarroako Fundazioen Elkarteko lehendakariak nabarmendu du gehienetan herritarrak izaten direla kulturguneetara gerturatzen direnak baina kasu honetan kultura eta artea izango direla herritarrengana hurbildu direnak. Hain zuzen, astelehenetik ostiralera, emanaldi finkoak egingo dira eta bai “ezusteko emanaldiak” ere, berez sortuko direnak.

KulturBus proiketua aurkezteko ekitaldian, gainera, ekimenean parte hartuko duten erakundeetako ordezkariak ere izan dira: Roberto Ordóñez Barañain Auditorioko lehendakaria, Javier Lacunza Baluarte Batzar Jauregi eta Nafarroako Auditoriumeko kudeatzailea, Grego Navarro Gayarre Antzokiko kudeatzailea, Javier Manzanos Uharteko Arte Garaikideko Zentroko zuzendaria, Javier Fernández Nafarroako Kutxa Fundazioko zuzendaria eta Ramón Palau Transports Ciutat Comtal konpainiako kudeatzailea.