Mankomunitateak eta TCC enpresak autobus hibrido bat probatuko dute Eskualdeko Hiri Garraioko sarean
31/05/2013

Mankomunitateak eta TCC enpresak autobus hibrido bat probatuko dute Eskualdeko Hiri Garraioko sarean

Man enpresak lagatako autobusa proban ibiliko da 5. eta 6. lineetan heldu den astelehena eta ekainaren 14a artean, ostirala.

Heldu den ekainaren 3a, astelehena, eta 14a artean, ostirala, Man enpresak egindako autobus hibrido bat ibiliko da proban Eskualdeko Hiri Garraioko sarean. Zehazki, 5. linean (Orvina 3 – Nafarroako Unibertsitatea) eta 6.ean (Arrotxapea – Nafarroako Unibertsitate Publikoa) ibiliko da, ibilbidea soil-soilik hirian duten lineak baitira, eta geraleku, semaforo eta biribilgune asko baitituzte. Gainera, erregulazio denborei dagokienez, linea horiek dituzten ezaugarriek bidea ematen dute mota honetako autobusen errendimendu hobea lortzeko azelerazio leunekin eta oso azkarra ez den lastertasunarekin.


Ibilgailuaren fabrikatzaileak adierazitakoaren arabera, hirian ibiltzeko autobus hibrido honen alde onak hauek dira: erregaiaren %20 eta %30 artean aurrezteko aukera ematen –ohiko diesel ibilgailuekin alderatuta–, agente kutsatzaileen igorpena dezente murrizten da eta, energia elektrikoaren bidez propultsatzen denez, zarataren maila ere gutxitzen da. Horrenbestez, sistema hau konponbide egokia da bai ekologiaren bai eta diruaren aldetik.
Teknologia hibridoak diesel motorra eta elektrikoa konbinatzen ditu, eta horrek ekartzen du propultsio sistema optimizatuta egotea: errendimendua handiagoa da eta balaztatze energia berreskuratzen da. Hain zuzen, balaztatzean sortzen den energia pilatu egiten da, denbora baterako, eta gero berrerabil egin daiteke, adibidez, ibilgailua abiarazteko. Lion’s City Hybrid da autobusa, 6.871 cc-ko errekuntza motorra du, gehienez ere 184 kW-eko potentziarekin (250 CV). 12 V-eko bi bateriak elikatzen dute instalazio elektrikoa.


Joan den urteko abenduan Fotón enpresako autobus hibrido bat ibili zen proban Iruñerrian. Fotón enpresak, jatorriz Txinakoa bada ere, egoitza du Tafallan eta Pilavesa egin zuen, Mankomunitateak eta TCC enpresak 2011n eta 2012an proban erabili zuten autobusa.