21/03/2019

MARTXOAREN 22TIK AURRERA, OSTIRALA, %100EAN ELEKTRIZITATE BIDEZ IBILIKO DEN LEHEN LINEA JARRIKO DA ABIAN

L9 linea, sei autobus izanda, nazio osoan ibilgailu gehien dituen linea elektrikoa da

Bihar, ostirala, 9. linea (Renfe – Nafarroako Unibertsitate Publikoa) %100ean elektrizitatea baliatuta ibiliko den Eskualdeko Hiri Garraioko lehen linea bihurtuko da, igorpenik eragiten ez duen energia berriztagarria, horrenbestez. Gainera, sei ibilgailu izanda, nazio osoan autobus gehien dituen linea elektrikoa izango da 9.a. Autobus berri horiek Castejongo Vectia enpresak hornitu ditu. Horrez gain, kargatzeko zutoin edo pantografo bana kokatu da linearen buruetan (Renferen geltokian eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan).

Aldaketak, ordutegietan eta maiztasunetan

9. lineako zerbitzuak eskatuko du lanegunetan sei billabesa elektrikoak aritzea jardunean, eta jaiegunetan, berriz, bost ariko dira. Linearen buruetan autobusek bateria kargatzeko denbora beharko dutenez, 9. linean zenbait doitze egin behar izan dira ordutegietan eta maiztasunetan.

  • Astelehenetik ostiralera: maiztasuna 12 minutukoa izango da. Orain arte 10 minutukoa zen, ordu-tarte batzuetan izan ezik, haietan 15 minutukoa baitzen.
  • Larunbatetan: maiztasunei eutsiko zaie eta NUPetik abiatzen diren zerbitzuen ordutegiak aldatuko dira.
  • Igande eta jaiegunetan: burua Merindadeen plazan egotetik Vianako Printzearen plazan egotera igaroko da.

- Renfetik abiatzen diren zerbitzuak: ordutegiei eta maiztasunei eutsiko zaie.

- Vianako Printzearen plazatik abiatzen diren zerbitzuak: maiztasunei eutsiko zaie, baina ordutegiak aldatu egingo dira.

Gainera, La Olivako Monasterioaren kalean dagoen geralekua (Iratxeko Monasterioaren kaleko biribilgunea) baliogabetu egingo da, Donibane auzoan.

L9 electrica MCP 210918 01

Pantografoaren kargatze-sistemarekin, autobusetako bateriek eduki behar duten tamaina oso txikia da, ibilbide bakar bat egiteko (joatea edo itzultzea) nahikoa den karga-ahalmena besterik ez baitute behar, gauean bakarrik kargatze bat egingo balitz ez bezala, hala egunez 30 bidaia baino gehiago egiteko bateria bat eskatuko bailuke. Aurreikusita dago bateria txiki horiek 10 urteko baino gehiagoko iraupena izatea, aldatu behar izan gabe, eta aurrez ikusteko modukoa da hondakin ez bihurtzeko eta, behin birziklatuta, beste bizitza bat edukitzeko teknologia eta merkatu nahikoa izatea ordurako.

Sei ibilgailu berriak Vectia CAF autobusak dira, ‘Veris.12 Fast Charge’ modelokoak. Zoru baxu integrala dute, 12 metroko luzera eta 2,55 metroko zabalera. 44 kWh-ko bateriak dituzte, lineak dituen sei kilometroetan baino gehiagotan modu elektrikoan lan egingo dutenak, eta bateria horiek kargatzeko hiru minutu besterik ez dute beharko. Guztiz elektrikoa den trakzio-katea dute ibilgailuek eta energia pilatzeko sistema bat, ion-litiozko bateriak oinarri dituena eta egun osoan ‘igorpenik ezeko’ moduan lan egiteko aukera ematen diena.

Autobusek arrapala bikoitza dute (elektrikoa eta eskuzkoa), gurpildun aulkian ibiltzen diren pertsonak haietan sartzeko modua ematen duena. Halaber, barnean zenbait toki daude mugikortasun murriztuko bidaiariak joateko.

Nabarmendu behar da billabesa berri horiek Interneterako doako konexioa izango dutela, wifi bidezkoa, otsailaz geroztik 18. linean (Zizur Nagusiko urbanizazioa – Sarriguren) zerbitzua ematen duten ibilgailuetan gertatzen den moduan.


%100 berriztagarria den energia elektrikoa

%100 berriztagarria denaren bermea duen energia elektrikoa baliatuta mugiaraziko da 9. Linea; eta, horrenbestez, erabat ordeztuko da erregai moduan gasolioa erabiltzea eta ez da CO2 gasen igorpenik eragingo. Motor elektrikoekin, energiaren %63 gutxiago beharko da linea horretan urte bakoitzean egiten dituzten 360.000 kilometroetan ibilgailu berriak mugiarazteko.

Hiri-garraioan mugikortasun elektrikoa ezartzeak ingurumenerako abantaila handiak dakartza berekin. Gasolioa erretzeari lotuta dauden eta gizakion osasunerako kaltegarriak diren gasak ez igortzeaz gain, autobus berriak askoz ere isilagoak dira, eta, hortaz, hiri-inguruneetan zarata arintzen ere laguntzen dute.

Iruñerriko Mankomunitatearen ekimen hau VI. Garraio Planaren (2017-2019) neurrien barnean dago, eskualdeko garraio publikoko flota pixkana eraldatzera bideratutakoen barnean, jatorri fosileko erregai-kontsumoa murriztu eta mugikortasun iraunkorragoa bultzatzeko helburuarekin, bai berotegi-efektuko gasen igorpenak murriztean eta bai kanpoko energia-mendekotasuna murriztean ere.

Proiektua, gainera, hauen helburuen barnean dago kokatuta: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentaraua, eraginkortasun energetikoari buruzkoa, Nafarroako 2030. urte arteko Energia Plana eta Nafarroako Klima Aldaketaren Bide Orria. Halaber, karbonoari dagokionez 2030ean neutroa izatea lortzeko Iruñerriko Mankomunitatearen Plan Estrategikoko helburuaren barnean dago.

Gogora ekarri behar da Nafarroako Gobernuak eta Iruñerriko Mankomunitateak hitzarmen bat izenpetu zutela aurreko urteko ekainean. Haren arabera, Garapen Ekonomikorako Departamentuak, Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, 200.000 euroko dirulaguntza eman zuen, zeinak ahalbidetu duen kargatzeko azpiegitura kokatzea. Zehazki, behin amaituta, azpiegitura horren kostu osoa 650.000 eurokoa izan dela zenbatetsi da.

Ibilgailu berri bakoitzaren kostua 415.000 eurokoa izan denez, sei autobus elektrikoak eskuratzeko 2.493.000 euro behar izan dira.

Transports Ciutat Comtal (TCC) enpresak, Eskualdeko Hiri Garraioko operadore moduan, aktiboki parte hartu du proiektuan, autobusak eskuratzean eta garapenaren segimendu estuan fabrikatzaileekin, Iruñerriko Mankomunitatearekin eta elektrizitate-arloko enpresekin batera.

Proba pilotuak autobus elektrikoekin

Iruñerriko Mankomunitateak lehenago ere eginak zituen esperientzia pilotuak billabesa elektrikoekin. Hartara, 2011 eta 2012 artean, %100 elektrikoa zen autobus bat probak egiten ibili zen Iruñerrian, haren bideragarritasuna eta benetan garatzeko aukerak aztertzeko helburuarekin.

2015eko abenduan, %100 elektrikoa zen beste ibilgailu bat aldi baterako sartu zen Eskualdeko Hiri Garraioaren flotan. Autobusa probak egiten ibili zen hainbat lineatan, zerbitzua ematen zuen bitartean zuen fidagarritasuna ebaluatzeko eta datuak lortzeko, bai bere baterien autonomiaren gainekoak eta bai kontsumoen gainekoak ere, kargaren eta desnibel orografikoaren arabera.

Gainera, 2015az geroztik, Eskualdeko Hiri Garraioa zenbait autobus hibrido sartzen joan da bere flotan, diesel bidezko motorra eta beste bat elektrikoa konbinatzen dutenak. Ibilgailu berri hauek abian jarrita, flota 148 billabesak eratuko dute, eta haietatik 33 ibilgailu hibridoak izango dira (guztien %22) eta sei elektrikoak (%4). Gainera, aurreikusita dago sanferminen aurretik beste zazpi ibilgailu hibrido zerbitzua ematen hastea.

Linea elektrikoa abian jartzea, gainera, bihar, ostirala, eta larunbatean Baluarte Batzar Jauregi eta Nafarroako Auditoriumean egingo diren “Naveac Days” jardunaldiekin batera gertatuko da. Hain zuzen, Nafarroako mugikortasun elektriko autonomo eta konektatuari buruzko ekitaldia da Naveac, igorpenik eragiten ez duen mugikortasuna partikularrei eta profesional publiko eta pribatuei hurbildu nahi diena.