NAFARROAKO GOBERNUAK BILLABESEN OKUPAZIOAREN %100A BAIMENDU DU
01/10/2021

NAFARROAKO GOBERNUAK BILLABESEN OKUPAZIOAREN %100A BAIMENDU DU

Gainera, gaueko zerbitzuaren ordutegia pandemiaren aurreko bera izatera itzuliko da

Nafarroako Gobernuaren irailaren 29ko 35/2021 Foru Aginduaren arabera, eraginik gabe gelditu dira COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren aurrean hartutako berariazko neurrietatik eratorritako murrizketak.

Ondorioz, Eskualdeko Hiri Garraioan zerbitzua ematen duen ibilgailu bakoitzaren fitxa teknikoan ezarrita dagoena izatera igaroko da billabesen gehieneko okupazioa, hau da, %100ekoa.

Edonola ere, jende-pilaketak saihesteko, lanegunetan goizeko eta eguerdiko puntako orduetan, beharrezkoak diren errefortzuko autobus guztiak zerbitzuaren eskura jartzen jarraituko du Mankomunitateak, eta bai beharrezkotzat jotzen den beste une batzuetan ere, betiere ibilgailuen erabilgarritasunaren barnean.

Dena den, malgutze hori egingo bada ere, beste segurtasun-neurri batzuei eutsiko zaie, besteak beste, 6 urtetik gorako bidaiari guztiek maskara jantzita eduki behar izateari nahitaez. Horrez gain, billabesek gel hidroalkoholikoaren banagailuak edukitzen jarraituko dute sarreran eta irteeran, eta erabiltzaileei gogoraraziko zaie komenigarria dela erabiltzea bai autobusean sartzean eta bai hartatik irtetean ere.
Beste alde batetik, ibilgailuaren barnean airea ibiltzea hobetzeko helburuarekin, geldialdietan ibilgailuaren ate guztiak irekitzea gomendatuko da. Eta, oro har, leiho guztiak zabalik egongo dira, baldin eta horrek ez badu eragozten ibilgailuaren klimatizazio-sistemek ongi funtzionatzea.

Gaueko zerbitzua luzatzea
Indarrean sartuko diren aldaketen artean, Eskualdeko Hiri Garraioaren gaueko zerbitzuaren ordutegiari dagokiona dago, urriaren 2ko, larunbateko, gauetik aurrera pandemiaren aurreko bera izatera igaroko baita, hau da:
• Astelehenetik ostegunerako gauak eta jaiegunetakoak: ohiko ordutegiak jarraitzen du, 00:00 inguruan amaituz.
• Ostiral gauak: egungo zerbitzua aplikatuko da, 04:00ak arte gutxi gorabehera.
• Larunbatetako eta jaiegunen bezperetako gauak: zerbitzua 06:00ak arte luzatuko da gutxi gorabehera.

Billabesak, garraio segurua
Nabarmendu behar da azken foru-agindu hau kaleratu aurretik irailaren 16an billabesen edukiera %75eraino handitu zela, Nafarroako Gobernuak eta Iruñerriko Mankomunitateak zenbait bilera egin eta Eskualdeko Hiri Garraioa espazio segurua dela baloratu ondotik.
Bilera horietan ontzat jo zen Osasun Departamentuak joan den ekainean Eskualdeko Hiri Garraiorako ezarri zituen neurrien errendimendua. Izan ere, udan zehar, zerbitzuaren balantzea oso ona izan da, bai edukierak betetzeari dagokionez, bai eta ezarritako beste neurri batzuei dagokienez ere: leihoak eta ateak irekitzearen bidez aireztapen naturala izatea, hidrogelen banagailuak edukitzea, besteak beste.
Haiei gehitu behar zaie Mankomunitateak autobusen barnean egin izan dituen CO2 gasen mailen neurketak, lortu izan diren balioak 800 ppm-tik beherakoak izan baitira.