TARIFAK MERKATZEA ETA ESKAERAREN ARABERAKO GELDIALDIAK HEDATZEA, EHGAREN NOBEDADE NAGUSIAK NEGUKO ORDUTEGIRA ITZULIKO DEN HONETAN
30/08/2022

TARIFAK MERKATZEA ETA ESKAERAREN ARABERAKO GELDIALDIAK HEDATZEA, EHGAREN NOBEDADE NAGUSIAK NEGUKO ORDUTEGIRA ITZULIKO DEN HONETAN

Irailaren 1etik aurrera, aldi baterako %30eko beherapena aplikatuko da EHGko tarifetan

Irailaren 1etik aurrera, osteguna, Eskualdeko Hiri Garraioan neguko ordutegia hasiko da. Hartara, udaren ondoren eta Iruñerrian ikasturte akademikoa hastearekin batera, eskaeraren ezaugarri berrietara egokituko da zerbitzua.

Ordutegiak eta maiztasunak sareko zutoin eta markesinetan kontsultatu ahal izango dira, Eskualdeko Hiri Garraioaren webgunean, www.infotuc.es, eta bai “Tu Villavesa” mugikorretarako aplikazioan ere.

ALDI BATERAKO %30EKO BEHERAPENA TARIFETAN
Neguko ordutegira itzultzearekin batera, irailaren 1etik aurrera, osteguna, eta 2022ko abenduaren 31 arte, Gobernu Zentralaren laguntzak aplikatuko dira, Eskualdeko Hiri Garraioko egungo tarifak, txanpon-tituluei eta aldi baterako tituluei dagozkienak, %30 beheratzea ekarriko dutenak. Horrenbestez, ez dira barnean sartuta egongo abonuekin edo bidaia anitzeko txartelekin ordaintzen ez diren txartel edo tiket arruntak.

Zehaztu behar da joan den uztailean Mankomunitateko Batzar Nagusiak hitzartu zuela era berean, Gobernuaren neurria luzatzen bada, Eskualdeko Hiri Garraioko tarifen murrizketa ere automatikoki luzatuko dela.

Aplikatu beharreko tarifen aldi baterako murrizketa hau izango da: Tarifak

ESKAERAREN ARABERAKO GELDIALDIAK, EMAKUMEENTZAT
Era berean irailaren 1etik aurrera, osteguna, Eskualdeko Hiri Garraioko gaueko linea guztietara hedatuko da bakarrik edo taldean bidaiatzen duten emakumeentzako eskaeraren araberako geldialdien sistema.

Gogoan izango denez, joan den martxoan zerbitzu berri honen proba pilotu bat abiarazi zen N10 linean (Nafarroako Gorteen kalea – Sarriguren), eskaera gehien duten gaueko hiru lineetako bat delako, ibiltzen den hirigintza-tipologiarengatik daukan erabilera-potentzialarengatik eta probaren xede den publiko objektiboarengatik. Gero, Mankomunitateak eta hiri-garraioaren enpresa emakidadunak, TCCk, positiboki baloratu zuten proba pilotu hori.

Eskaeraren araberako tarteko geldialdien helburua da erabiltzaileen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea, genero-ikuspegi batetik. Zehaztu behar da geldialdi horiek soil-soilik autobusetik jaisteko direla, eta emakumeek baino ezin dituztela eskatu eta erabili. Geraleku horiek, beren izaerarengatik, ez dute altzaririk ez eta berariazko seinaleztapenik ere.

Eskaeraren araberako geldialdien sistema erabiltzeko, emakumeak edo emakume-taldeak autobusera igotzen denean edo, gutxienez, aukeratutako tokia baino bi geraleku lehenago eskatu beharko du tarteko geldialdia, gidariari adierazita jaitsi nahi duen leku zehatza:

• Geldialdia eskatu duen emakumea edo emakume-taldea lehenbiziko lerroetan eseriko da.
• EHGaren zerbitzuan eskuarki erabiltzen diren geralekuetatik, gutxienez, 50 metrotara egongo da jaisteko aukeratutako lekua.
• Gidariak aukeratuko du non gelditu autobusa, bide-segurtasuneko eta herritarren segurtasuneko irizpideak aintzat hartuta. Toki horretan ezin izango da inor igo autobusera.
• Ibilgailutik ateratzeko, aurreko atea erabiliko da, mugikortasun murriztuko pertsonen kasuan izan ezik, haiek arrapala erabili ahal izango baitute.