TCC IRUÑEAREN ‘TEAMING’ EKIMENAK OSASUNA ARDATZ DUTEN NAFARROAKO BESTE BI PROIEKTU BABESTU DITU 3.000 EUROREKIN
Batetik, GERNA elkartea dago, gaixotasun arraroei laguntza terapeutikoa emateko, eta bestetik, Nafarroako Autismo Elkartea (ANA) nahasmendu hori jasaten duten haur eta gazteentzako udako eskola baterako.
Hiru urte inguruan, euren nominetako euro bateko mikro-dohaintzen bitartez, TCC-ko langileek laguntzen dieten zazpigarren eta zortzigarren tokiko proiektuak dira. Enpresak, bere aldetik, beste euro bat ematen du ekimenean parte hartzen duen langile bakoitzak emandako euro bakoitzeko.
Duela hiru urte hasi zen TCC Iruñearen ‘Teaming’ ekimena proiektuak babesten konpainiako langileen erdien nominetako euro bateko mikro-dohaintzen bitartez. TCC Iruñearen ekarpena gehitu behar zaio horri, ekimenean parte hartzen duen enplegatu bakoitzak emandako euro bakoitzeko beste euro bat ematen baitu.
Orain beste bi elkarteren txanda da (TCC Iruñearen ‘Teaming’ ekimenaren babesa jasoko duten zazpigarrena eta zortzigarrena). Aurreko seiak bezala Nafarroakoak eta osasun-arlokoak dira, eta bildutako 3.000 euroak banatuko dituzte bien artean.
Hala, 1.500 euro ‘GERNA elkartea’-ri eman zaizkio gaixotasun arraroen laguntza terapeutikorako. Elkartearen helburua bere bazkideen, senitartekoen eta zaintzaileen bizi-kalitatea sustatzea da, haien gaitasun kognitiboak eta funtzionalak, autonomia eta autoestimua indartuz.
Txekea entregatzeko ekitaldi sinbolikoa gaur goizean egin da TCC-ren instalazioetan. GERNAko presidenteak onartu du laguntza horri esker “elkarteko kideen terapiak egiten ari direla”. Ondoren, bideo labur bat proiektatu da, Gerna elkartearen lana azalduz.
GERNA elkartea dagoeneko diagnostikatuta edo diagnostikatzeko bidean dauden gaixotasun arraroren batek erasandako pertsonek eta familiek osatutako talde bat da. Gaixotasun arraroak dituzten pertsona eta familien kolektiboa elkartzeko premiatik sortu zen, haien premia komunak bistaratzeko eta haien bizi-itxaropena eta -kalitatea hobetzeko soluzioak proposatuz. Elkartearen helburua pertsona eta familien talde bat osatzea da, guztiak ordezkatzen dituena, emateko eta jasotzeko, arazoak partekatzeko, soluzioak proposatzeko eta Gaixotasun Arraro batekin bizitzeko behar den indarra hartzeko gune bat sortuz.
Bestalde, Nafarroako Autismo Elkarteak (ANA) ere TCC Iruñearen ‘Teaming’ ekarpenak emandako beste 1.500 euro jaso zituen autismoa duten haur eta gazteentzako banakako interbentzio terapeutikodun udako eskola bat garatzeko. Udako eskola horretan denbora egongo da terapiarako, aisiarako, inklusiorako, ikaskuntzarako, prestakuntzarako eta, batik bat, dibertsiorako. Elkarteak egiten duen lana gaur proiektatu den bideo batean aurkeztu da.
Amaya Áriz, Nafarroako Autismo Elkarteko (ANA) presidenteak nabarmendu zuen “proiektu aitzindaria dela Europan eta duela zazpi urte hasi zirela ia 120 boluntariorekin eta 20 psikologorekin” eta proiektuan “autismoa duten pertsonen autonomia sustatzen duten eta haien gaitasunak sendotzen dituzten jarduerak” egiten direla. Horrez gain esan zuen “eskerrak eman nahi dizkiegu TCC Iruñeko langileei eta enpresari berari eman diguten laguntzagatik”.
Nafarroako Autismo Elkartea (ANA) autismoak erasandako haurren guraso-talde batek 2012ko urtarrilean Iruñean sortutako irabazi asmorik gabeko talde bat da. Autismoa, Autismoaren Espektroaren nahasmenduak, Garapenaren Nahasmenduak, Asperger eta Autismoaren espektroaren barruko sintomatologiaren nahasmenduak dituzten pertsonen eta horien familien ongizatea sustatzea du xede, Autismoa duten pertsonen trebetasun pertsonalak eta sozialak ahal den heinean hobetuz. Baita haien burujabetasun pertsonala sustatzea eta haiek gizartean txertatzea eta gurasoak, senitartekoak, profesionalak eta, oro har, gizartea Autismoaren inguruan prestatzea ere.
12.000 euro osasun-proiektuetarako
Bi ekarpen horiekin (zazpigarrena eta zortzigarrena hiru urtetan), TCC Iruñearen ‘Teaming’ ekimenak dagoeneko 12.000 euro eman ditu dohaintzan. Síndrome de Dravet fundazioa izan zen lehena halako laguntzak jasotzen, 1.500 euro jaso baitzituen 2017ko otsailean; izan ere, huraxe izan zen TCC-ko langile parte-hartzaileek boto gehien emandako proiektua. Handik hilabete gutxira, 1.500 euroko beste txeke bat eman zuen TCC-ko ‘Teaming’ ekimenak, Eunate elkarteari zehazki.
2018an beste lau proiekturen txanda izan zen, bakoitzarentzako 1.500 eurorekin: ‘Ayudamos a Nerea-Nereari Laguntzen’ eta ADHI, ADELA eta ADACEN elkarteen txanda.
Kontuan izan behar da Teaming ekimen soziala dela eta ekimen horren bidez, euro bateko mikro-dohaintzak biltzen direla nominaren bitartez gizarte-proiektu bati laguntzeko; urtero aukeratzen da proiektu berri bat ekimenarekin bat egin duten enpresako pertsona guztiek botoa emanda. Gainera, enpresak beste euro bat ematen du ekimen horrekin modu boluntarioan bat egiten duen langile bakoitzeko.