TCC IRUÑEKO ‘TEAMING’ EKIMENAK 3.000 EURO GUZTIRA EMAN DITU HAURTZAROAREKIN  LOTUTAKO BI PROIEKTURI
06/02/2018

TCC IRUÑEKO ‘TEAMING’ EKIMENAK 3.000 EURO GUZTIRA EMAN DITU HAURTZAROAREKIN LOTUTAKO BI PROIEKTURI

Ayudamos a Nerea-Nereari laguntzen’ eta ADHI elkartea, arreta-falta, hiperaktibitatea eta inpultsibotasuna aztertu eta tratatzen dituena, dira proiektuak.

Nominatik kendutako euro bateko mikro-dohaintzen bidez laguntzen dute TCC-ko langileek. Enpresak, bere aldetik, beste euro bat ematen du ekimenean parte hartzen duen langile bakoitzeko.


Haurren bizi-kalitatea hobetzea da TCC Iruñeko ‘Teaming’ ekimenaren bidez lagundutako (3.000 euro guztira) bi proiektu solidarioen helburua. Ia 220 langilek, hots, enpresako langileen erdiak baino gehiagok, beren nominetatik emandako euro bateko dohaintzen bidez lortu da kopuru hori. TCC Iruñeak, bere aldetik, beste euro bat ematen du ekimenean parte hartzen duen langile bakoitzeko.

Bildutako 3.000 euroetatik, 1.500 ‘Ayudamos a Nerea-Nereari laguntzen’ ekimenera bideratu dira. Jatorri ezezaguneko eritasun genetikoa du Nereak, behar bezalako garapena eragozten duen atzeratasun psikomotorra eragiten diona; estimulazio-terapien bidez lagundu nahi dio umeari ekimenak.

Gaur goizean, txekea eman zaio, sinbolikoki, TCC-ko instalazioetan, eta zera esan du Nerearen aita Juantxo Martínezek: “zuzenean urdailera doan zunda baten bidez elikatzen da umea, ezin baitu ezer jan. Alterazioa du 7 kromosoman, espektro autistarekin lotura duena. Baina oso ezezaguna da kontua, antzeko beste lau kasu baino ez baitaude munduan”. “Horregatik da hain beharrezkoa terapiak finantzatzea helburu duen laguntza ekonomiko hori”, gaineratu du. Hala eta guztiz ere, “Nerea ume zoriontsua da”, esan du Juantxo Martínezek. Ondoren, bideo labur bat proiektatu da, ezohiko eritasun horren hainbat ezaugarri azaltzen dituena.

TCC Iruñeko ‘Teaming’ ekimenak emandako beste 1.500 euroak, aldiz, ADHI elkarteko “Reto” proiektura bideratu dira; arreta-falta, hiperaktibitatea eta inpultsibotasuna (TDAH) duten haur eta gazteei lagundu nahi die proiektuak, bai eskolatik, bai etxetik jasotzen duten heziketa osatzeko alternatibak bilatuta. Lan horri buruzko bideo bat ere proiektatu da gaur.

ADHI elkartea 1998an sortu zen, TDAH eta TDA gaitzek zuzenean edo zeharka ukitutakoei orientabidea eta aholkularitza emateko, baita haien inguruan ikertzen ari diren profesionalekin lankidetzan aritzeko ere. Egun, Nafarroako 170 familia dira elkarteko kide, eta haietako batzuek bi seme-alaba TDAHdun baino gehiago dituzte.

Bideo 1

Bideo 2

6.000 euro osasun-proiektuetarako

‘Ayudamos a Nerea-Nereari laguntzen’ proiektuari zein ADHI elkarteari egindako ekarpenen bidez, Iruñeko TCC-ko ‘Teaming’ ekimenak 6.000 euro eman ditu jada. Síndrome de Dravet fundazioa izan zen lehena halako laguntzak jasotzen, 1.500 euro jaso baitzituen 2017ko otsailean; izan ere, huraxe izan zen TCC-ko langile parte-hartzaileek boto gehien emandako proiektua. Hainbat hilabete gutxira, 1.500 euroko beste txeke bat eman zuen TCC-ko ‘Teaming’ ekimenak, Eunate elkarteari zehazki.

Teaming ekimen sozialaren bidez, euro bateko mikro-dohaintzak biltzen dira nominaren bitartez gizarte-proiektu bati laguntzeko; urtero aukeratzen da proiektu berri bat enpresa osatzen duten pertsona guztiek botoa emanda. Gainera, enpresak beste euro bat ematen du ekimen horrekin modu boluntarioan bat egiten duen langile bakoitzeko.

Iruñeko TCC-ko langileek berek aurkeztu zituzten hainbat proiektu 2016 eta 2017an, osasunaren esparruari lotuta guztiak. Haien guztien arteko bozketa eginik, handienetik txikienera bitarteko ordena bat ezarri zen, eta, beraz, lehen bildutako 1.500 euroak lehen proiektura bideratu ziren, hurrengo 1.500 euroak bigarren proiektura, eta horrela hurrenez hurren.